Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ongi etorri, Trapujale!

Dokumentuaren akzioak

Ongi etorri, Trapujale!

Gaur hasiko dira Lezoko inauteriak, Trapujaleren etorrerarekin. Aldi berean, Joxe Jabier Anuariz omenduko dute.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Lezo
Mota
Albistea
Data
2023/02/16
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Gaur hasiko dira Lezoko inauteriak. Asteartera arte behintzat herrian izango dira Trapujale eta haren ondokoak —zintzoak eta gaiztoak— herrian. Asteartebeltzerako epaiketa iragarrita dago. Ikusi beharko da aurtengoan ere Trapujale errudun izendatzen duen ustez inpartzial den epaileak. Edonola ere, gaur arraldean jaitsiko da Martizkone baserritik herrira Trapujale. Zain ditu lezoarrak.

Lehenik, Lezo Herri Eskolakoen harrera izango da gaur festaren arima izango den Trapujalek (16:00), eta arratsean egingo diote ongietorri nagusia Gurutze Santuaren plazan, 19:30ean. Han, Joxe Jabier Anuarizi aitortza egingo diote, Trapujale Taldearen laguntzaile fidela izan zelako; 2021eko azaroan zendu zen. Haren senideek jasoko dute aitortza oroigarria.


Bihar goizean herriko ikastetxeetako ikasleen ardurapean izango da inauteri giroa, Lezo Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek euren desfile eta ikuskizunak egingo dituztelako (beheko zerrendan ikus daitezke inauterietako ekitaldi den-denak). Arratsaldean, Lezoko Euskal Dantzazaleek Erronkariko dantzak ikuskizuna egingo dute Gurutze Santuaren plazan.

Larunbatgorrirako bi zita nagusi. Lehena, 17:00etan, herriko ikastetxeetako gurasoen elkarteen eta Txirbillaren ekimenez Larunbatgorri Kalejira urtetik urtera (pandemia aurretik bai bederen) indartzen ari dena; bigarrena, Piztu Lezok antolatu dituen karro-poteo kalejira, mozorro festaren aurkezpena, eta herri afaria.

Iganderako deialdi bakarra: Murixkak kalejira egingo du taldearen lokaletik, Gurutze Santuaren plazaraino.

Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak pozarren iragarri zuen inauterien aurkezpenean «betiko inauteriak» herrira bueltan direla. «Pandemia aurreko inauterien egitaraua antolatzeko aukera izango dugunez, oso pozik gaude. Festa giroan egoteko aukera bikaina da».

Hemen, Lezoko inauterien egitarau osoa:

Gaur, Ostegunzuri

  • 16:00. Lezo Herri Eskolan Trapujaleri lehen harrera.
  • 19:30. Trapujaleri harrera nagusia Gurutze Santuaren plazan.
  • 20:00. Joxe Jabier Anuarizi aitortza ekitaldia plazan. Senideek jasoko dute oroigarria

Bihar, Ostiralori

  • 10:00. Herrian zehar, Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleen kalejira.
  • 10:30. Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ‘Musika estiloak’ ikuskizuna Bekoerrota kiroldegian.
  • 11:00. Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen Trapujale Festa Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin, Karlos Saldisen).
  • 14:00. Inauterietako bazkaria Aiton Bordan.
  • 17:30. Gurutze Santuaren plazan hasi eta bukatuta, Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira.
  • 19:30. Gurutze Santuaren plazan, ‘Erronkariko dantzak’ ikuskizuna Lezoko Euskal Dantzazaleen eskutik (eguraldi txarrarekin, Karlos Saldisen).
  • 20:00. Kartelada.

Etzi, Larunbatgorri

  • 12:30. Aiton Bordatik abiatuta, inauterietako kantu jira.
  • 17:00. Lopenen hasita, Lezo Herri Eskolako nahiz Pasaia-Lezo Lizeoko guraso elkarteek, eta Txirbilla Aisialdi Taldeak elkarlanean antolatuta, Larunbatgorri Kalejira.
  • 18:00. Karlos Saldise plazatik hasita, Piztu Lezoren karro-poteoa.
  • 20:30. Gurutze Santuaren plazan, Piztu Lezoren mozorro festaren aurkezpena.
  • 21:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, mozorro afari herrikoia.
  • 23:30. Elektrokela elektrotxaranga.

Etzidamu, Igandeubel

  • 11:15. Murixka Dantza Taldearen lokaletik hasita, kalejira. Ondoren dantza emanaldia Gurutze Santuaren plazan.

Hilak 20, Astelehenarre

  • 17:00. Lezoko Eztandak-en desfilea herritik. Ondoren, dantzaldia Gurutze Santuaren plazan

Hilak 21, Asteartebeltz

  • 15:15. Lezo Herri Eskolan, Trapujaleren epaiketa txikia. Ondoren, txokolatada.
  • 19:00. Gurutze Santuaren plazan, Trapujaleren epaiketa. Jarraian, Herio Bidaia Lezoko inauteriak bukatzeko.

Dokumentuaren akzioak