Dokumentuaren akzioak
Ongi etorri Dantzerti!
Orain hamar urte inguru sortu zen arte eszenikoen goi-mailako eskolaren aldeko plataforma. Hamar urteotan, aldarrikapenarekin batera sektorearen ezagutza eta eskarmentua erakundeen eskura jarri du plataformak. Hori gabe ez dut uste Dantzerti martxan jarriko zenik. Plataforma izan da akuilua eta heldulekua, egitasmoa bizirik mantendu duena politikariek beste lehentasun batzuk zituztenean eta erakundeei bide egiten lagundu duena ibilbide osoan. Orain, proiektua azken txanpan sartu denean, Jaurlaritzak dagoeneko plataformaren beharrik ez duela pentsatu du eta bazterrera utzi du.
Ikasketa planen zirriborroa plataformako kideei prestatzeko eskatu, hauek presazko lanak dohain egin, eta ondoren, kortesiazko gutxieneko erantzuna eman gabe Madrilgo dantza ikasketen kopiak diruditenak baliatu ditu Hezkuntza Sailak. Irakasleen hautaketarako, curriculumaz gain aurrez aurreko froga egitea eskatzen zuen plataformak, teoriko onak izateak ez baitu bermatzen eszenaren ezagutza. Ez da hala izango, irakasleei ez zaie aurrez aurreko probarik egingo. Matrikula partziala egiteko aukera eskatu zen, lanean dihardutenek ikasketak egiteko aukera izan dezaten. Hori ere ez da onartu.
Munduan izango dira mila ikastetxe goi-mailako dantza ikasketak egiteko aukera ematen dutenak. Baina mundu osoan ez dago eskola bat ere euskal dantza ikasteko aukera ematen duenik. Dantzertik ere ez du aukera hori emango, lehen txanpan behintzat, euskal dantza ikasteko aukerarik ez da izango bertan.
Dantzerti Bilbon egingo da. Euskal Hiriarena gezurra zen. Durango edo Tolosa ez dira Euskal Hiria. Euskal Hiria Bilbo da. Baldintza desegokietan eta garestiago aterako da, baina Bilbon. Musikarako egin zen Arriaga kontserbatorioa dantzarako eta antzerkirako egokitu behar da orain. Traketsa izango da egokitzapena, eta gainera ez da denentzat tokirik izango. Baziren aukera hobeak, badira azpiegitura osoa, antzokia barne, prest duten ikastetxeak, baina ez, ez daude Bilbon, eta eskola Bilbon egin behar zen, ez dakit nork, noiz eta zergatik erabakita.
Euskal antzerkiak eta dantzak bazuen eskolaren premia. Ez zaigu antzematen, baina pozik gaude. Ongi etorri Dantzerti!
Dokumentuaren akzioak