Dokumentuaren akzioak
Olinpiar dantzak
Olinpiar jokoek uzten duten irudi nagusietakoa da zeremonietako
dantza. Azken batean txotxongilo kontua da. Milaka bolondres bildu eta
hara eta hona joanarazi behar dituzu, denak batera, ondo sinkronizatuta
eta momentu bakoitzari dagokion koloreko kapusaia atera eta ezkutatuz.
Ordenagailuz diseinatutako mugimenduak izaten dira, eta gero “dantzari”
bakoitzak bit-arena egiten du 0 1 0 0 1...
Txinatarrak dira onenak txinatarrarena egiten, eta olinpiar zeremonien txotxongilo dantza txinatarrek asmatu ote zuten –Made in China
omen da hori ere– susmoa zabaldu da Ingalaterran. Ikusi ditugu milaka
dantzari txinatar ikuskizun harrigarria egiten eta orain urduritasunak
Londresen. Zenbaitek dio Royal Ballet-aren esku utzi behar dela kontua,
beste zenbaitek dio hobe dela break dance erakustaldi bat egitea, baina askok eta askok morris dantzariengan jarri dituzte begiak. Milaka morris dantzari bildu eta ikuskizun erraldoia egin behar dela diote.
Euskal ezpata-dantzarien parekoak izan litezke Ingalaterrako morris dantzariak. Baina badago alderik. Adibidez, adinean –dantzari helduak izan ohi dira morris gehienak– eta dantzari buruzko jarreran. Morris dantzariek ez diete batere sinpatiarik dantzari pilaketei. Dantzari eta talde bakoitzaren nortasun bereizian eta dantzakera propioan sinesten dute, eta futbol zelai batean milaka dantzari gauza bera egiten aritzea erabat zentzugabekoa iruditzen zaie. Horregatik oso uzkur ageri dira Olinpiar ekitaldian milaka morris dantzarik batera dantzatzeko proposamenen aurrean: “Gainera –gehitzen dute kritikoek– saiatuta ere, ez ginateke denok batera dantza egiteko gai izango! Ez gara ez robotak ez txinatarrak!”.
Lau urte aurretik eztabaidarako, eta ez justu amore emateko. Morris dantzariek ohore olinpikoari uko egiten badiote, haien irudiak ordenagailuz sortu eta klonatzea proposatu du batek. Ez dago ihesbiderik. Eskerrak Bilbok ez duen –oraingoz– olinpiar ametsik.
Dokumentuaren akzioak