Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Olaeta balletak: ikusi eta ikasi

Dokumentuaren akzioak

Olaeta balletak: ikusi eta ikasi

Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia astekaria
Mota
Albistea
Data
2010/03/16

2008an, Olaeta familiak hamarkadetan bildutako ondarea utzi zion Bizkaiko Foru Aldundiari, eta horren zati bat ikusgai dago orain Bilboko Ondare Aretoan. Bisita laburra egin diot Amets baten koreografia-ri, ez presaka nenbilelako, erakusketa ziztu bizian ikusten delako baizik, “ikusi” hitzak museo batean duen ohiko esanguran. Jantzi batzuk, tipikoak zein Olaeta familiako kideek sortutakoak; agiri zaharrak, zenbait gutun oso interesgarri barne; musika tresnaren bat; eta askoz gehiagorik ez. Txukuna, dotorea, eta kontsumo azkarrekoa.

Ikusteaz gain ikasteko grina daukanak, berriz, erakusketa honetan du aukera paregabea. Amets baten koreografia ez da nik uste nuen bezain ikusgarria, baina informazioz beteta dago. Dantzaren historia maite baduzu, orduak erraz joango zaizkizu hemen, dela Olaeta balletaren historia irakurtzen –aretoaren hormetan kapitulu bana–, dela ezin falta litekeen gune interaktiboan, non besteak beste argazki eder mordoa aurkituko duzun, horiek bai Olaetatarren ibilbidearen lekukotza mardula. Ondo egindako lau dokumentaletan laburbilduta ere emango dizute ibilbide horren berri, erakusketa amaierako areto txiki ilun erosoan. Hori bai, gainerakoan akatsik ez duen hizkuntz koofizialtasunak gune interaktiboan huts egiten du dezente. Pena da.

Eta pena da, injustizia ez esatearren, abenduaren 11tik zabaldik dagoen erakusketa baten berri ematea ateak ixtear dituenean. Zorionez, kasu honetan injustizia ez da hain larria, Bilbotik Baionara joango baita Amets baten koreografia, eta handik Gernikara. Noiz, ez dago hain argi, baina jakin badakigu Baionakoa udan izanen dela. Ordura arte.

argazkia

 

Ballets Olaeta. Amets baten koreografia. Erakusketa.

Bilboko Ondare Aretoa (Maria Diaz de Haro, 11). Martxoaren 23ra arte.

 

Dokumentuaren akzioak