Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Olaeta baleteko sorginak Jesus Aranbarriren omenez

Dokumentuaren akzioak

Olaeta baleteko sorginak Jesus Aranbarriren omenez

Konpainiak 'Sorgin Morgin, Aker Maker' koreografia estreinatuko du ekainean

Komunikabidea
Egunero
Mota
Albistea
Data
2003/05/23

Aurrerantzean, kolaborazioak ohikoak izango ziren Olaeta eta Aranbarriren artean. 1964ko uztailaren 19an, esate baterako, Aranbarriren musika lagun, Olaeta baletak Aiko Maiko koreografia estreinatu zuen Arriaga antzokian. Hil baino hiru egun lehenago, Aranbarrik Olaetatarrekin egoteko aukera eduki zuen. Familia haren kontu guztiak jarraitzen zituen, eta, ahal zuen neurrian, baita lagundu ere.



Bi artisten arteko harremana ezin zela ahaztu, eta iaz Aranbarriren jaiotze mendeurrena bete zela jakinik, Olaetaren ondorengoek ospakizunen bat antolatzea erabaki zuten. Irailean ekin zieten prestakizunei, eta, haurdunaldi baten antzera, bederatzi hilabete geroago etorriko da emaitza: ekainaren 20an, Euskalduna jauregian, oraingo Olaeta baletak Sorgin Morgin, Aker, Maker koreografia estreinatuko du.



Aranbarriren musika eta euskal mitologia



Aranbarriren Gabon zar sorginak -1939ko apirilaren 25ean Bilboko Orkestra Sinfonikoak estreinaturikoa- eta Aiko Maiko konposaketetan oinarritu da Victor Olaeta Sorgin Morgin, Aker Maker sortzeko orduan. Bera arduratu da zuzendaritzaz, gidoiaz eta alde teknikoaz. Lourdes arrebak, berriz, dantzarientzako jantziak egin ditu. Hainbat museo eta liburutegitan ibili da obrarentzat egokiak ziren jantzien bila. Lan handia izan dela esan du, baina azkenean, lortu du Sorgin Morgin, Aker Maker-entzat 300 jantzi egoki diseinatzea. Koreografiak euskal mitologia du ardatz, eta, beraz, ez dira Akerraren, Anbotoko Mariren zein apoen antzezpenak faltako.



Guztira 200 lagunek parte hartuko dute Sorgin Morgin, Aker Maker-en, haien artean Olaeta baleteko dantzariek, Miarritzeko Oldarra abesbatzak, Gernikako Elai Alaik, Bilboko Jatorki abesbatzak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak. Azken hori Juanjo Menak zuzenduko du.

"Proiektua aurkeztu genuenean, Menak Aranbarriren piezak zuzentzeko interesa agertu zuen. Guretzat ohore handia da berak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak Olaeta baletak musikariari zuzenduriko omenaldian parte hartzea", dio Lide Olaetak.



Sorgin Morgin, Aker Maker-ekin batera, ekitaldian aski ezagunak diren piezak eskainiko ditu Olaeta baletak: Kasket, Arretxinagako San Miguel, Lamiñak, Meza osteko jaia -Segundo Olaetak sorturikoa-, eta Itxasoan -bere garaian, Olaetak Estatu Batuetan aurkeztu zuen lana-.

Dokumentuaren akzioak