Dokumentuaren akzioak
Okzitaniako dantzen ikastaroa eta dantzaldi berezia hilaren 7an, Elgetan
Urtetik-urtera handituz doa Escamot Català ekimenaren oihartzuna, eta aurten 35 dantza-lagun inguru etorriko dira Kataluniatik. Tartean, hainbat talde eta dantzalditan aritu ohi diren musikariak. Emango dituzte dantzaldiak Iruñean, Donostian, Ahetzen (Lapurdi) eta baita ere Elgetan.
Espaloia kafe antzokian inguru osoko dantazaleak elkartuko zaizkie elkarrekin dantzan gau-giro ederrean: Debagoiena osokoak, Debabarrenakoak, Durangaldekoak, eta baita urrutiagotik etorritakoak ere. Iazko saioan ehundik gora dantzazale elkartu ziren jai berezi honetara.
Elgetako egitaraua
Dantza ikastaroarekin emango diote hasiera jaialdiari. 19:00etan egingo dute Joan Codinaren gidaritzapean. "Okzitaniako brale, korro-dantza eta dantza kantatuak. Euskal-Herrian batere edo apenas ditugun horiek, Pirineoaz bestaldean gehiago gorde dira, eta haiek apur bat ezagutu eta gozatzeko. 21:00etan, talo-jana Eko Taloak etxekoen eskutik eta 22:00etan dantzaldia. Zer joko duten? Europa mendebaldeko folk dantzaldietan eta geurean ere ohiko diren dantzak —borobila, chapelloise, balts erritmoko kontradantzak, pasodoblea, baltsa, txotisa, mazurka...—, Okzitaniako sokak, korro-dantzak eta jauziak, Mediterraneo aldeko jota eta sardanak... Horietako hainbat, kantuan", azaldu du Herrixa Dantzan ekimeneko Patxi Monterok.
Izen-ematea zabalik
Dantza ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da: herrixadantzan@gmail.comhelbidera idatzita edo 675 94 46 09 telefono zenbakira deituta. Prezioa da hamar euro, bertan ordaintzeko.
Dantzaldirako sarrera doan izango da, baina txapela pasako dute txangoko kideen egonaldia eta afaria (taloak) ordaintzen laguntzeko. Gaur egun, Espaloia kafe antzokiko taberna itxita dago, baina edatekoak eramango dituzte, eta Eko Taloak enpresak talo goxoak eskainiko ditu 21:00etatik aurrera eta dantzaldia bitartean. "Talo benetan goxoak prestatzen dituzte: %100 arto ekologikoz eginda, eta betegarri bereziekin (bakailaua, barazkiak, gazta, txokolatea, txorizoa...)", azaldu du Monterok.
Iaz Elgetako Espaloia kafe antzokian egindako dantzaldiko argazkiak hemen.
Dokumentuaren akzioak