Dokumentuaren akzioak
'Oinkari, 40 urte Dantzan' ikuskizuna, ETB1en
Oinkari Dantza Taldeak oso ikuskizun berezia eskaini zuen azaroaren 20ean. Belaunaldi ezberdinetako dantzarien partaidetzarekin, Villabonako dantza talde mitikoaren 40. urteurrena ospatzeko dantza emanaldia izan en, eta ETB1eko 'Oholtzan' saioak eskainiko du gaur, urtarrilak 2, 22:15etik aurrera.
Oinkarin praktikatzen diren diziplina ezberdinetako erakusketa egin zuten, euskal folklorearekin hasi eta baletean amaitu arte. Gainera, zuzeneko musikak lagundu zuen dantza emankizuna eta honako dantzak eskaini zituzten, besteak beste: Eihera, Boga Boga & Kaxarranka, Euskara Plazara, Berastegiko San Juan, Dantza Jauziak, Gipuzkoako Brokel Dantzak, Maltzeta, Errenkan, Iribasko ingurutxoa, Sagar Dantza, Sagarrondotik, Amaya Ezpata Dantza, Balet klasikoa, Ariko balu, Behe Nafarroa & Lapurdiko dantzak, Eltziegoko Dantzak, Portusalda, Zuberoako dantzak, Bok Espok, Fandango-Arin Arin eta Agurra.
40 urte dantzan
Oinkari Dantza Taldea 1975. urtean sortu zen Villabonan (Gipuzkoa), Euskal Herriko dantzak jaso, ikasi eta erakusteko asmoz. Elizan abesteko biltzen ziren gazte haiek eman zuten lehen pausoa dantza taldearen sorreran, Zizurkilen dantzan irakasten aritzen ziren Segurola ahizpen gonbitea aintzakotzat hartu ondoren.
Hasierako urte haietan hirurogeiren bat gazte biltzen zen eta dantza ikasteaz gain, ekintza gehiagotan ere parte hartzen zuten, izan ere garai hartan euskararen aldeko mugimendua puri-purian zegoen eta dantza taldeak beti erakutsi izan zuen bere atxikimendua.
1992. urtean belaunaldi berri bat jarri zen abian eta harrezkero Oinkari dantza taldeak ez du etenik izan bere dantza ibilbidean. Dantzari belaunaldi ugari pasa da bertatik eta talde guztiek bezalaxe, bere gorabeherak izan ditu Oinkarik ere. Hala ere, pixkanaka oztopoak gaindituz joan da eta taldea sendotuz, honela gaur egunera iritsi arte.
Dokumentuaren akzioak