Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oinarin dantza taldeak lokalak eskatu ditu

Dokumentuaren akzioak

Oinarin dantza taldeak lokalak eskatu ditu

Udalak dituen eraikinak lehenbailehen egokitu beharra nabarmendu du

Komunikabidea
Gara
Tokia
Usansolo
Mota
Albistea
Data
2005/01/13

Usansoloko Oinarin dantza taldea lokalik gabe dago abendutik eta, horren ondorioz, saioak eten behar izan ditu. Taldeko arduradunek GARAri azaldu ziotenez, «kalean egin ditugu inoiz, saioak mantentzearren, baina ezin dugu horrela jarraitu, batez ere, haurrengatik».



Galdakaoko Udala haurtzaindegi bat egokitzen ari da orain arte erabili dituzten lokaletan. Hori dela-eta, kalean daude abendutik eta, udal arduradunen hitz politak entzun badituzte ere, ez diete irtenbiderik planteatu oraingoz.



Denbora aurrera doa, eta udaberri aldera emanaldien txanda izango da. Taldea oso egoera larrian dagoela nabarmendu dute, lokalik ez duelako. Orain dela zortzi urte sortu zen talde txiki hura hazi egin da, eta 70 haur inguruk eta 40 nagusik osatuta dago gaur egun.



Hasierako urteetan nahikoa zuten Udalak utzitako lokala. Hala ere, denbora igaro ahala, taldearen materiala ere ugaritu egin da, eta lokal osoa hartzen duela orain azaldu dute. Kontuan hartu behar da, dantza taldearen jantziez gain, Oinarinek zanpantzar taldea ere duela, eta horrek leku asko behar duela.



Kultur arloko udal arduradunekin batzartu direnean, lokalak konponduko dituztela esan diete, azaldutakoaren arabera. «Baietz esaten digute, baina ez dugu mugimendurik antzematen», esan zuten taldeko kideek.



Herriko taldeentzat



Argitu zutenez, eskaeraren helburua ez da beren egoera konpontzea bakarrik. «Ez ditugu guretzako lokalak bakarrik eskatzen, lokalik gabeko beste jende asko dagoelako herrian. Guztiek erabili ahal izateko lokalak egokitzeko eskatzen ari gara, orain, ez hamar urteren buruan», adierazi zuten.



Ildo berean, duten lokalen premia nabarmendu zuten. Laster izango diren dantza agerraldiez gain, egoerak dakarren nekea ere nabarmendu zuten. «Batzuek aurrera egiten dugu, baina jendea nekatu egiten da; ez du jende askok jasango egoera hau».

Dokumentuaren akzioak