Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oinak arin eta eskuak airean jostari, Euskal Herria dantzan jartzeko

Dokumentuaren akzioak

Oinak arin eta eskuak airean jostari, Euskal Herria dantzan jartzeko

Komunikabidea
Kronika
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2023/05/09
Lotura
Kronika

Oinak arin eta eskuak airean jostari, Euskal Herria dantzan jartzeko

Ikurrin dantzarekin eman zioten hasiera Plazako emaldiari, dantza talde guztiek elkarrekin.

Hernaniko txoko guztiak alaitu zituen Dantzari Asteak igandean, bere egitarau zabalaren egun nagusian. Euskal Herri osoko 24 dantza talde aritu ziren elkarrekin Plazan, eta herritarrek ere egin zuten bat. Euskal jantzien erakusketarekin emango diote segida, egun hauetan.

Borobil-borobila izan da asteburua, Dantzari Asteari hasiera emateko. San Joan Konpartsaren gonbiteari erantzunez, Euskal Herri osoko 24 dantza talde elkartu ziren herrian, eta Hernaniko txoko guztiak alaitu zituzten igandean, goizean zehar kalejiran ibilita. Ondoren, eguerdian, ekitaldi berezia bezain jendetsua egin zuten Plazan, guztiek bat eginda.

Ezusteko oztopoek ere ezin izan zuten festa kamustu. Banan-banan iritsi ziren dantza taldeak Plazara, jai giroan, txalapartariek eta irrintzilariek harrera egiten zieten bitartean. Orduan, dantza emanaldi bateratua hastera zijoala, argindarrik gabe geratu ziren mikrofonoak, baina horrek ez zituen geldituko: eztarriaren indar hutsez aritu ziren bertsotan Ekain Tolaretxipi eta Andoni Mujika Anatx, eta txalo zaparrada jaso zuten bueltan; bertso ederrak botatzeaz gainera, ez zutelako meritu makala, mikrofonorik gabe Plaza osoari kantatuta.

Orduantxe berreskuratu zu­ten argindarra, gainera, eta Xa­bier Etxeberriak gidatu zuen eki­­­taldia. Bertan elkartu ziren dan­­tza taldeak zein musikari eta konpartsak aurkeztu zituen au­rre­na, eta dantza emanaldiari egin zion bidea segidan. Hain­bat pieza ezagun dantzatu zituz­ten denek elkarrekin, eta inguruan bildutako herritarrek ere egin zuten bat horietako batzuetan.

Plazako lanak bukatuta, Atsegindegin izan zuen jarraipena ospakizunak, 500 lagunetik gora elkartu baitziren bertan: bazkaltzeko aurrena... eta berriro dantzari ekiteko gero, erromeria izan baitzuten.

Euskal jantzien erakusketa aste osoan zehar, eta dantzari txikien eguna larunbatean

Asteburu borobilaren ondoren, da­torren larunbatera arte izango du segida Dantzari Asteak. Atzo­tik dago ikusgai, Biterin, XVIII. mendeko euskal jantzien erakusketa, Iraultza dantza taldeak antolatuta. 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, ostiralera bitarte. Gainera, gaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Ramon Garciak ostegunean, arratsaldeko 19:00etan.

Beste egun haundi batekin borobilduko dute aurtengo Dantzari Astea, larunbatean: dantzari txikien irteera egingo dute arratsaldeko 17:00etan, Kaxkoan barrena; eta dantza emanaldia ondoren, denek elkarrekin. 

Dokumentuaren akzioak