Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oilasko bilketarekin hasiko dira bihar Oikiako San Bartolome jaiak

Dokumentuaren akzioak

Oilasko bilketarekin hasiko dira bihar Oikiako San Bartolome jaiak

Eguerdian Zokormazoen III. sukaldaritza lehiaketa egingo da eta herriko taldeek paella bat prestatu beharko dute

Egilea
J.L. Romatet
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2008/08/22
Bi urtean behin egin bezala, aurtengoan ere oilasko bilketa egingo dute herriko gazteek. «Aspalditik datorren ohiturari jarraipena ematen diegu. Ez dakigu ziur noiztik egiten den bilketa, baina badakigu gure aiton-amonek egiten zutela», dio Oikiako festa batzordeko kide Xabier Aizpuruak. Goizeko lehen ordutatik, hogei lagun inguruk osatutako taldea baserriz baserri ibiltzen da. «Garai batean gero festan erabiliko ziren oilaskoen bila joaten ziren gazteak. Baserriaren atarian dantza egin eta ordainetan oilaskoa jasotzen zuten. Oraindik ere usadio honekin jarraitzen dugu». Eguerdian atsedena hartu ondoren, arratsaldean amaitzen dute bilketa, sagardo dastaketa hasten denerako.
Sagardo dastaketa arratsaldeko 6etan hasiko da eta talogile eta trikitilariak ere izango dira. Egunaren erremate bezala, gaueko 11:30etik aurrera, erromeria izango da aurten ere Tapia eta Leturiarekin.
Aurretik ordea, eguerdian hasita, sukaldaritza lehiaketa berezia izango da: Zokormazoen III. sukaldaritza lehiaketa. «Eguna borobiltzeko bazkari herrikoia antolatzen hasi ginen eta azken hiru urte hauetan sukaldaritza lehiaketa ere antolatu dugu. Koadrila askok hartzen dute parte eta ekitaldi arrakastatsua izan da. Hori dela eta, aurten ere errepikatzea erabaki dugu», adierazten du Xabierrek. Parte hartzen zuen talde bakoitzak jaki bat prestatu behar izaten du: «Orain bi urte pintxo bat egin behar zuen eta iaz postre bat. Aurten paella bat egitea proposatzen zaie». Koadrila irabazleak zokormazo bat (egurrezko mailua) jasoko du sari bezala.
Mozorroen txanda ere izango da festa hauetan. Ostegunean, San Agustin egunean, herria eta herritarrak far west edo oesteko leku eta pertsonaiez mozorrotuko dira. «Orain urte batzuk hasi ginen festa honekin eta jendeak gustura hartzen du parte. Joko handia ematen du mendebalde urrunak eta horregatik aukeratu dugu gai bezala».
Autobus zerbitzua
Eskualdeko beste festa batzuekin gertatu bezala, Udalak autobusa jarriko du Oikiatik herrira i-tzultzeko. Larunbatean arratsaldeko 7tan aterako da Zumaiatik, Garoa kafetegiaren paretik. Oikiatik itzulera, berriz, goizeko 4tan egingo da. Astelehenean, haurren egunean ere izango da autobus zerbitzua: arratsaldeko 5etan aterako da Garoa paretik eta gaueko 9tan itzuliko da.
Oilasko bilketarekin hasiko dira bihar Oikiako San Bartolome jaiak
Jai giroak eta musikak bat egingo dute Oikiako festean. /Romatet



Dokumentuaren akzioak