Dokumentuaren akzioak
'Oihana'-k dantza eta antzerkia uztartuko ditu Donibanen
Juanba Berasategin arituko dira ATX Teatroko antzezleak datorren igandean, Maryse Urrutyren zuzendaritzapean.
ATX Teatroa talde bilbotarrak Oihana izeneko dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko du datorren igandean, hilak 29, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. 19:00etan abiatuko da Maryse Urrutyk zuzenduriko obra.
Oholtza gainean Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen eta Joana Olasagasti antzezleak izango dira. Euskara hutsean interpretatuko den emanaldiak ordubeteko iraupena izango du, eta 12 urtetik gorakoentzat dago sortua. Horra hor sinopsia:
Etorkizun hurbil batean, Oihana Lur amarekin eta Argia amatxirekin bizi da. Mendeetan zehar, familiako emakumeen artean jakintzak eta ohiturak transmititu dira dantzaren bitartez. Baina katea moztu egin da. Oihana ez da gai hizkuntza hori eta horrek dakartzan sekretuak ulertzeko. Gau batez, Oihana ohartu da ametsetan bidaiatu dezakeela. Une horretatik aurrera, ausardiaz eta jakin-minez gainezka abiatuko da bere iragana ezagutzera eta hizkuntza misteriotsu hori menderatzen duten emakume horiek (sorginak) ezagutzera.
Sarrerak Bibe plataformaren bitartez eros daitezke jada, 11 euro inguruan. Egunean bertan leihatilan ere eskuratu ahalko dira.
Dokumentuaren akzioak