Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oier Araolazak euskal dantzen gaineko hitzaldia eskainiko du zapatuan

Dokumentuaren akzioak

Oier Araolazak euskal dantzen gaineko hitzaldia eskainiko du zapatuan

Egilea
Urrats dantza taldea
Komunikabidea
Plaentxia
Tokia
Soraluze
Mota
Albistea
Data
2021/06/02
Lotura
Plaentxia
Oier Araolaza. Iturria: EHU.eus.

Oier Araolaza dantzari eta ikerlariak Euskal dantza, gorputzaren euskara? izeneko hitzaldia eskainiko du zapatu goizean (11:00etan) Tolarekua aretoan. Urrats dantza taldeak gonbidatuta, Araolazak euskal dantzek euskararen biziberritzean duten pisuaz berba egingo du eta baita azken urteotan jasan duten gainbehera eta zentzu galeraz ere. 

Honela dio hitzaldia aurkezteko dantzari eibartarrak bidalitako mezuak: "Dantza gorputzarekin komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza bada eta euskara bada euskaldunon berbazko hizkuntza, ez ote da euskal dantza euskaldunon gorputz hizkuntza? Euskaldunok gure gorputz-hizkuntzarekin, euskal dantzarekin egiten ari garenaz hitz egingo dugu, berbazko hizkuntza, euskara biziberritzeko eginahalak egin ditugun bitartean nola gorputz hizkuntza, euskal dantza, alboratzen joan garen. Aurreskuarekin gertatu dena ikusiko dugu horretarako, nola euskaldunon gorputz hizkuntzaren adierazpide nagusia izan dena, urte gutxitan desitxuratu, zentzua galdu eta zaborretara bota ondoren, gaur egun, erabilera eta zentzua galduta hil zorian dagoena”.

Dantzan aritua eta aditua 

Elgoibarren jaio (1972) eta Eibarren hazi den dantzaria da. Eibarko kezka dantza taldean eta Donostiako Argia dantzari taldean aritzen da dantzari. Dantzan.eus webgunearen sortzailea eta editorea da, euskal dantza eta generoaren inguruan ikertu du Euskal Herriko Unibertsitatean Mikel Laboa katedraren babesean. Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua, Musikologian egin zituen doktoretza ikastaroak, Artearen Historian eskuratu zuen ikasketa aurreratuen agiria, eta Gizarte Komunikazioan doktore tesia egin du euskal dantza eta generoaren inguruan. EHUn Euskal dantzari buruzko ikasketetan (2016-2017) irakasle aritu da eta Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatikoa eta Dantzaren Goi Mailako Eskolan euskal dantza irakasle izan da (2017). “Gregorio Santa Cruz dantza-maisua (Ego-Ibarra, 1998), “Euskal Dantza” (Etxepare, 2012) eta “Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan” (UEU, 2020) liburuak argitaratu ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da.

Dokumentuaren akzioak