Otsailaren 10ean Kataxulotik jaitsi eta Oiartzun hartuko dute intxixu, basandre eta sorginek. Hiru egunez herrian ibiliko dira pertsonaia hauek.
Ostiralean hasiko da festa. 16.45ean ihoteei deia egiteko burrunba antolatu dute Beheko plazatik. 19.00etan Azeri dantza eta Sorgin dantza eskainiko dituzte eta 19.30ean, plaza eta udaletxea hartuko dute intxixu, basandre eta sorginek. Antolatzaileek, Ihote taldeak, herritarrak zakuz jantzita ibiltzeko eskatu dute.
Larunbatean, Oiartzungo ohitura zaharrari jarraituz, goizean goizetik kuestazioa egingo dute herriko zor-tzi auzoetan. Etxez etxe eta baserriz baserri joango dira. Jasotakoarekin bazkaria egingo dute. Poxpolin edo aurreskulariz jantzita joan behar dela gogorarazi dute antolatzaileek.
Ehundaka lagun elkartzen dira azken urteetan kuestazioan. Aurten muga guztiak gaindituko dituztela aurreikusten dute, dagoeneko auzo batzuetan ez baitute bazkaltzeko jende gehiagorentzat tokirik. 18.00etan herriko plazan elkartuko dira denak eta 19.30etik aurrera Ihote berbeneroarekin dantzaldia egongo da.
Igandean 9.00eta txistularien diana izango da eta 11.00etan karroxa eta kalejira Elizalde auzoan. 12.00etan, berriz, ihote dantza gidatuak.