Dokumentuaren akzioak
Oiartzunek herri irekia dela erakutsiko du aurtengo soka-dantzan

Oiartzungo Xanistebanak iritsi dira eta jai-batzordeak prest dauka bost egunez luzatuko den egitarau oparoa. Hasiera ofiziala larunbat arratsaldean egingo bada ere (uztailak 2), bezperan motorrak berotzeko aukera izango da festen hasiera iragartzen duen Kultur Ekitaldiarekin. Arizmendieneako lorategian izango da, 18.00etatik aurrera, eta gauean txosnetan kontzertuak izango dira: Ameba eta DJ Enabil txosnagunean, eta DJ Infernu Zimitiyoan.
Baina esan bezala, hasiera ofiziala larunbata arratsaldean izango da eta aurten izango da berritasunik. Izan ere, herrietako jaietan sortzen den komunitate sentimendua indartu egin nahi du Udalak eta horretarako, jaioberriei atsolorrean ongietorria egiten zaien bezala, Oiartzunera etorri berri direnei ongietorria emango zaie. «Eskutik helduta plazara aterako ditugu, soka-dantza gurekin dantzara, Oiartzun herri zabala bezain irekia izatea nahi dugulako», azaldu du herriko alkate Joana Mendiburuk.
Ohikoa den moduan, soka-dantza herriko plazan egingo da, arratsaldeko 19.30ean, Haurtzaro Dantza Taldearen, Olarri Dantza Taldearen eta Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz. Ondoren, jai-batzordeak proposatuta, urte luzez auzogintzan, herrigintzan eta Xanistebanetako ekintzen antolaketan egindako lana eskertuz, Xabier Izagirrek eta Birgilio Labandibarrek suziria botako dute.
Une horretan festa lehertuko da eta erraldoien eta buruhandien kalejira abiatuko da, dultzaineroen eta Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz. Kanpai-soinu alaiak ere ez dira faltako, jaiak hasi direla iragartzeko.
Jai-egitaraua bost egunez luzatuko da, abuztuaren 6ra arte. Horrela, igandean Xanisteban eguna ospatuko da, astelehenean baserritar eguna, asteartean gazteen eguna eta asteazkenean haurren eguna. Zezensuzkoak eta erromeriak emango die amaiera aurtengo jaiei.
Alkatearen hitzetan, «garrantzitsuena gozatzea eta ondo pasatzea da, betiere, ingurukoekin errespetuz jokatuz». Bide horretan, aurten ere, eraso sexisten kontrako neurriak hartuko dira. Alde batetik, horiek saiheste aldera, sentsibilizazio kanpaina eta informazio puntuak jarriko dira eta, bestetik, aurreko urteetan bezala, edozein dela egoera, telefono bidezko eta aurrez aurreko artatze zerbitzua egongo da.
Garraioari dagokionez, jaiek irauten duten bitartean herri barruko autobus zerbitzu berezia eskainiko da gauerdiko 00.00ak eta goizeko 6.00ak bitartean. Biblioteka pareko geltokitik abiatuta, Gurutze, Ergoien, Altzibar, Karrika, Iturriotz, Ibarre, Pikabene, Intxixu, Arragua eta Mendin auzoetarainoko ibilbidea egingo du.
Informazio honen babesleak: Oiartzungo Udala, Haurtzaro Ikastola, Oarsoak, Carrocerias Fernando, Construcciones Arabolaza, Makatzaga Tallerrak, Sai Plast, Talleres Lirain.
Dokumentuaren akzioak