Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ohore bat da tradizio handia duten ekitaldiak mantentzea»

Dokumentuaren akzioak

«Ohore bat da tradizio handia duten ekitaldiak mantentzea»

Isileko protagonistak izan ohi dira Amets Bide dantza taldeko kideak Ordiziako Santa Ana jaietan. Plazara dantzara ez, baina haurren aurreskuan, Santanazaleetan eta udal ordezkarien dantzekin laguntzen dutela azaldu du Izaro Intxaustik.
Egilea
Ariane Vierbücher
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Ordizia
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/08/04
Lotura
Goierriko Hitza
 

Badira urte batzuk-batzuk Ordiziako Santa Ana festen barruan, haurren aurreskua antolatzearen ardura hartu zuela Amets Bide dantza taldeak.

Bai, duela urte asko hasi ginen, ez dut urte zehatza gogoratzen, baina 1995 urte ingurutik edo ari gara zer egin horretan ere. Dorronsoro ahizpak, Joxi eta familia aritu ziren, Amets Bide dantza taldeari erreleboa pasa ziguten arte.

Horrelako ekitaldiak antolatzeak zein sentsazio sortzen dizu?

Guretzako ohore bat da Ordizian tradizio handiko ohiturak mantendu ahal izatea, eta haurren aurreskua da horietako bat. Ahalegina egiten dugu urtero, festak iritsi aurreko hilabeteetan, entseguak egin eta ekitaldi polita prestatzeko. Herriko haurrekin bakarrik ez, baita Santazaleen egunean ezkonberriekin eta udal ordezkariekin ere.

Esan bezala, ohorea, eta erronka handi bat! Gaur egungo gizartera egokitu behar ditugulako ohitura horiek eta ez da lan erraza. Lanketa bat egiten ari gara bide horretan, eta osasun krisiak, erdian harrapatu gaitu. Aurtengoan, soka dantzetan aldaketa batzuk txertatzeko lanean ari ginen, baina bere horretan gelditu dira.

Haurren aurreskuan zenbatek zuten izena emanda?

70 bikoteren bueltan ateratzen dira urtero. Ordizian errotuta dagoen ekitaldia da eta haurrek ongi erantzuten dute.

Aurten kaleetan ez, baina bideo batzuk egiteko asmoarekin zeundeten.

Bai, hala da! Baina Ordizian izan den COVID-19aren agerraldiak, guztia zapuztu du.

Zein sentsazio duzu?

Tristura, eta herrian ere antzematen da. Denok gogoratzen ditugu herriko festak. Amets Bide dantza taldekoentzat, egun oso bereziak dira. Dena dela, datorren urtera begira gaude, esperantzatsu! Eten hau pasa eta indartsuago bueltatuko gara.

Izan ere, aipatutako ekitaldietan ez zarete taldekideak dantzatzera ateratzen zaretenak, baina sukaldeko lan guztia egiten duzue, dantza egitera aterako diren haiei erakustea, besteak beste.

Atzeko lana egitea tokatzen zaigu eta oso gustura egiten dugu. Jaiak egunez eta gauez bizitzen ditugu, egun oso intentsoak izaten dira, eta nahiz eta plazan protagonismoa ez izan, saltsan sartuta gaude. Asko gustatzen zaigu. Orain, garai hobeak etorri zain gaude, eta helduko diogu berriro.

Une honetan, konplexua da kalean ekitaldiak antolatzea, baina burua astintzeari uzten ez diozun horietakoa zara eta seguru baduzula zerbait buruan.

Buelta asko eman dizkiogu gaiari. Egia da kalean zerbait antolatzeko gogo handia dugula, eta baloratzen egon garela zerbait egitea, betiere, une honetan bete beharreko neurri guztiak hartuta, noski. Baina este arazo bat ikusi dugu: ekitaldi bat kalera eraman aurretik entseguak egin behar dira, eta hortxe topatu dugu oztopo gehien.

Gure entsegu lokalak jende asko biltzea eragozten digu, beraz, entseguak nola egin, horrek sortu digu kezka gehien. Eta oraintxe, are gehiago! Azken egunetako agerraldiak, izoztuta utzi gaitu.

Gauzak horrela, irailera begira gaude. Espero dezagun gauzak hobetzea. Izan ere, irailean euskal jaiak ospatzen dira Ordizian eta nahiko genuke, Beti Argi bandarekin egitekoak ginen emanaldia egin ahal izatea, udazken aldera edo. Bertan behera geratu diren ekitaldiak baino, baditugu atzeratu diren hainbat emanaldi. Udazkenean egin ahal izatea erronka oso polita izango litzateke guretzat.

Bukatzeko, zerbait gehiago bildu nahiko zenuke?

Ba, batetik, haurren aurreskuan parte hartzeko ziren haur guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke. Eta bestetik, konfinamenduan zehar sare sozialen bidez argitara eman ditugun lan guztietan parte hartu duten ume eta gurasoei ere eskerrak eman nahiko nizkieke. Izan ere, haien laguntza gabe oso zaila izango litzatekeelako.

Dokumentuaren akzioak