Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ohore bat da guretzat aurten festen hasiera adieraziko duen suziria botatzea»

Dokumentuaren akzioak

«Ohore bat da guretzat aurten festen hasiera adieraziko duen suziria botatzea»

Oin Arin dantza taldeko kideek pozik hartu zuten albistea, Ane Garmendia taldeko dantzari eta irakasleak esan digunez. Gaur, 19:00etan, taldeko juntakideek irakurriko dute pregoia balkoitik, irakasleek dantza egingo dute, eta gainerako dantzari eta txistu

Gaur, arratsaldeko 19:00etan, hasiera emango zaie San Prudentzio Jaiei Lazkaon, eta aurtengoan, Oin Arin dantza taldeko kideak izan dira suziria jaurtitzeko aukeratuak. Beraiek poz handiz jaso zuten albistea, Oin Arineko dantzari eta irakasle den Ane Garmendiak esan digunez «poz handia ematen du jendeak, eta kasu honetan udalak, urte hauetako guztietako gure lana positiboki baloratu eta errekonozitzeak. Ohore bat da guretzat aurten festen hasiera adieraziko duen suziria botatzea, lazkaotar bezala batetik, eta dantzari bezala bestetik. Ilusioa egin zigun eskaintza jaso genuenean, eta ilusio berarekin ari gara egunero lanean».
Egilea
D.V.
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Lazkao
Mota
Albistea
Data
2014/04/25
Lotura
Diario Vasco

Iaz ere txupinazoan parte hartutakoak dira dantza taldekoak, San Benito ikastolak berrogeita hamar urte eta Maizpide euskaltegiak hogeita bost betetzen zituzten aitzakiaz pregoia irakurri eta suziria bota zutenean, 'Ikastolen ereserkia' abestiaren doinuaz dantza egin zuten Oin Arinekoek, baina aurtengoa ezberdina izango da beraientzat Garmendiaren esanetan. «Gogotsu aritu gara lanean, eta festei hasiera bikaina emateko modua topatu dugula uste dugu; sorpresa bat izango da». Ostiralean, dantza taldeko kide guztiak protagonista izan daitezen nahi dute, beraz, juntakideek irakurriko dute pregoia balkoitik, irakasleek dantza egingo dute, eta gainerako dantzari eta txistulariak plazaren erdian izango dira; «guztiok baikara Oin Arin!»

Baina txupinazoaz gain beste ekintza ugaritan ere parte hartuko dute Lazkaoko dantzariek jaietan. San Prudentzio egunean, astelehena, prozesioan izango dira, udal ordezkariekin soka dantzan eta arratsaldeko trikidantzan; maiatzaren 1erako, XXXIV. Dantza suelto txapelketa antolatu dute; maiatzaren 3an Gipuzkoako junior mailako klasikari hasiera emango diote; eta maiatzaren 4ean, azkenik, erromeria izan da Lazkaomendiko festetarako antolatutakoa.

Urte guztian izaten dute lana halere Oin Arinekoek, beren dantzak noiznahi ikusteko aukera eskain-tzen baitigute, eta herriko bizitzan guztiz txertatuak daudela esan dezakegu gure dantzariak. Eguberrietan, Astotxo egunean, Lazkao Txikiren omenaldian, San Prudentzio zein San Migel egunetan, Lazkaomendiko festetan, San Juanetan edota udalak eskaturiko bestelako ekitaldi publikoetan dantza egiten dute eta, gainera, udaberriarekin batera inguruko herrietan zein geurean bertan ere ospatzen den Dantzari Txiki Egunean izaten dira. Hori gutxi izango balitz, urtero, dantza talde osoak parte hartzen duen emanaldi bat ere eskaintzen dute Areria kultur gunean.

Euskal folklorea sustatu

Artengoan, martxoan eskaini zuten emanaldi honetan hain zuzen ere, ohiko euskal dantzez gain, Oin Arinek haratago joan nahi duela ikusteko aukera izan genuen. Dantza taldearen helburua, alde batetik, euskal kultura eta folklorearen adierazpen ezberdinak bultzatu eta hedatzea dela esan digu Anek izan ere, eta bestetik belaunaldi berriei gure herriaren ezaugarri kultural, artistiko eta historikoekiko jakin-mina suspertzea. «Horretarako, herrian antolatzen diren ekintza ezberdinetan parte hartu eta gauden tokian gaudela ere gure herriaren kulturaren aberastasuna erakusten dugu» dio Garmendiak pozik.

Gaur egungo Oin Arin Dantza Taldea, urte askotan lazkaotar askok egindako lanaren emaitza dela esan dezakegu, gaur egun bizirik dagoen Oin Arin Dantza Taldea 1966an sortu baitzen, aita Juan Joxe Agirrek izen eman ziolarik. Hemendik bi urtera, beraz, 50. urteurrena ospatuko dute eta dantza taldeko kideari urteurren borobil honetarako presta-tze-lanei buruz galdetzean, Oin Arin horrenbeste urtez gure artean egotearen arrazoia susmatu dezakegu. «Oraindik ezer erabaki ez badugu ere, baditugu borobiltzea falta zaizkigun ideia batzuk buruan, baina dudarik gabe, txistu eta danbolin hotsean dantza egin gabe ez gara geratuko orduan ere!».

«Ohore bat da guretzat aurten festen hasiera adieraziko duen suziria botatzea»

Oin Arinekoak dantzan; Ane Garmendia aurrean dela.

Dokumentuaren akzioak