Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ohituran oinarrituz, berezitasunez josia dator maskarada Sohütara

Dokumentuaren akzioak

Ohituran oinarrituz, berezitasunez josia dator maskarada Sohütara

Aste bateko berantarekin, maskaradak urtarrilaren 17an hasiko dira Sohütan. Bertako gazteek aurten hokitarrekin lana partekatu dute. Julie Ahaspe dantzen arduradunak eta Battitta Berrogain errejentak ohitura errespetatuz hainbat berezitasun gehitu dizkiot

Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2016/01/15
Lotura
Gara

"Sohütako maskaradak dituen berezitasunak ikusteko etor daitezela", hitz horiekin gonbidatu zituen Elorri Berrogainek bisitariak. Dantzariek aitzinako ohitura beren baitan atxiki badute ere, herri bakoitzak bere ukituak emateko duen usaia nabarmendu zuen. Moldaketak anitzak dira eta eremu ezberdinetan eragiten dute, hala nola ohiko pertsonaien presentzia ala gabezia, emakumeen parte-hartzea edo jantzien moldaketa, Garako artikuluak azaltzen duenez.

"Maskarada beti bera düzü, baina bakoitzak ekartzen du bere ikusteko manera, sentimenduetatik jina", azaldu zuen Battitta Berrogain errejentak. Herrian 1938an egin zen maskaradan xorrotxik ez zegoela deskubritu zuen, herriko ohiturari buruzko informazioa aztertzen ari zelarik. Artzainek ordezkatu zituzten xorrotxak, eta jokamolde hori berreskuratu eta gure mendera ekartzea erabaki du.

Normalean jaunaren ezpata “xorroxten” dutenen ordez, artzainek urteko esne saldoa eskatuko diote auzapezari, denboraldia pasatu eta gero gasna gisara itzultzeko. Bi neska izango dira ardi esnearen eskaria egingo dutenak. Eta ez da emakumeen eskuetan geldituko den pertsonaia bakarra, buhameen artean ere ez baita gizonezkorik izango.

Dantzak

Nesken eskutik helduta buhameek egin ohi duten dantza aldatzea erabaki du errejentak. Battitta Berrogainek ezpatak baliatzen dituen dantzaren bortizkeria alde batera utzi nahi izan du, eta beste dantza bat eman du horren ordez.

Maiatzean hasi ziren dantzariak prestaketan, Julie Ahasperen gidaritzapean. Igande honetako aurkezpenari begira, dantza zuberotarrak maskarada antolatzailea den herriari egokitu behar izan zaizkio. Horrela, manera sohütarrean agertu beharko dituzte Ezpeizen edo Urdiñarben ikasitako dantzariek ere. Ukitu berezia duten beste momentuak ere izango dira, esaterako kontrapasean. Normalean jendearen laguntza izaten bada dantzariak inguratzeko, oraingoan maskaradako parte-hartzaileen artean egingo dute.

Beraz, igandean, betiko maskarada ezagutzeko aukera izango dute lehen aldiz bertaratzen direnek, festa eta ohitura uztartuz. Era berean, «berezitasunak» deskubritzeko parada izango dute jarraitzaile saiatuek, Sylvie Etxartek jantziekin egin dituen kanbiamenduak, esaterako.

Mitikilen bukatuko dira emanaldiak apirilaren 17an

Etzi hasiko da maskaraden denboraldia. Aurreko astean hastekoa zen, baina ezbehar baten ondorioz, bertan behera gelditu zen saioa. Igandean izango da, beraz, lehenengo emanaldia, Sohütan; baina, berez, etzikoak bigarrena izan behar zuen, Ezpeizen. Egutegia moldatu behar izan dute, eta azken data ere atzeratu: Mitikilen izango da, apirilaren 17an.

Aurten Zuberoako inauteriak gazte sohütar eta hokitarren eskutik heldu dira, eta, ohiturari jarraiki, azkena Hokin egin behar zuten, apirilaren 10ean. Data hori auzoko festekin bat egiteko ezarria denez, ezin dute aldatu, eta denboraldiko azken-aurrekoa izango da.

Azkenik, egutegia hauxe izango da: etzi, urtarrilaren 17an Sohütan, 24an Muskildin eta 31n Irurin; otsailaren 7an, Maulen, 9an Atharratzen, 14an Urdiñarben eta 28an Arrokiagan; martxoaren 6an Ezpeizen, 13an Santa Grazin eta 27an Barkoxen; apirilaren 3an Alozen, 10ean Hokin (Sohütan) eta azkena, 17an, Mitikilen.

Maskarada_barkoxe_gotzon_aranbu0008

Dokumentuaren akzioak