Badira bi aste San Migel parrokiako kanpaiek Corpus ospakizuna iragartzen dutena. Egunero lau aldiz entzuten da egun horretako soinu adierazgarria, eta datozen bi asteetan ere horrela izango da. Ekainaren 16a, eguena, da Corpus Eguna eta ondorengo asteburuan egingo dira ospakizunak Oñatin.
Prozesioa, hilaren 19an
Ekainaren 19an, domeka, izango da prozesioa. Herriko kaleetan barrena izango da, eguraldi ona egiten badu; eta eliza barruan egingo duten ekitaldia izango da horren ordezkoa, txarra eginez gero. 11:00etako meza nagusiaren ostean izango da hori. Aurretik egingo dute goiz-eresia txistulariek zein musika bandak eta ordu laurden lehenago eramango dituzte andariek irudiak parrokia barrura, txistularien eta dantzarien laguntzarekin. Prozesioa amaitzean egingo du musika bandak Corpus Eguneko kontzertua, Corpusetako zortzikoa izanik joko duen lehendabiziko pieza. Arratsaldean izango dira, pandemia aurretik bezala, Oñatz dantza taldearen dantza emanaldia plazan eta ondorengo dantzaldia parrokiaren atarian. Oñatzekoek egubakoitzean ikastetxeetan eta auzoetan eta zapatuan plazan ere egingo dituzte Corpuseko dantzak.
Zapatuan, hilak 18, Xabier Mendizabalek egin duen Sebastian erraldoiaren aurkezpena izango da; herriko txorimaloekin eta erraldoiekin batera ibiliko da herriko kaleetan.
Haur eta gaztetxoendako antzezlana ere egongo da, 17:30ean, Etxaluze plazan. Butterfly effect lanarekin etorriko da Astrola- bium Teatroa. Gizakiaren eboluzioaz jardungo dute Asier Oruesagasti eta Daniel Gomara aktoreek. Aktoreek historian gertaturiko aurrerapen teknologikoen zerrendatze bat egingo dute eta, aldi berean, giza eskubideei lotutako hainbat pasarte antzeztuko dituzte. Egun horretan, barraketako soinu-ekipoak eta sirenak itzali egingo dira bi orduz arratsaldean, aniztasun funtzionala dutenendako.
Hitzaldia astelehenean
Horren guztiaren aurretik, baina, kanpaien iragarpena bezala, Pake Leku erretiratu elkartean ere hitzaldia egongo da kofradiaren historiari zein prozesioan parte hartzen duten elementuei buruz; dantzariak eta irudiak tartean. Gaiaz asko dakiten Jesus Irizar eta Josu Amondarain izango dira hizlariak. Astelehenean izango da hori, ekainak 13, 17:30ean, Pake Leku elkartean. Apostoluak eta San Miguel prozesiorako nola prestatzen diren ikustera ere joango dira erretiratuen elkartetik prozesio egunean, ekainaren 19an, Santa Ana antzokira.