Dokumentuaren akzioak
Oberenako dantzari egun zinez hunkigarria
Barañaingo Auditorioa lepo bete zuten 639 lagunek. Oholtza gainean Oberena dantza taldean aritutako eta ari diren 300 dantzari eta musikaritik goiti bildu ziren
Ikuskizunak Oberena dantza taldearen lehenbiziko emanaldia ekarri zuen gogora, Elon 1941eko abuztuaren 15ean egindakoa. Ondoren historiako beste pasarte batzuk izan zuten tokia: Alaitasunaren eguna, Obanosko misterioa, Eguberrietako jaialdiak, txistu eskola, Ama-lur ikuskizuna, bidaiak eta Lizarren doinua ikusgarria, kasurako. Gainera, lehenbiziko urte haietan aritu ziren dantzari eta txistulariei omenaldia egin zitzaien.
Ikuskizunaren ondotik, dena bildu, eta agudo Uslaer jatetxera joan ziren dantzari eta musikariak. Han, primeran bazkaldu ondoren, musika eta dantzarekin jarraitu zuten gaueko 23:00ak arte. Aspaldiko kideak ikusteko aukera izan zuten, edo bazkalondoan dantza gehiago egiteko. Primerako giroa izan zen.
Bukatu da, akabo
Modu honetan bukatu dira 75. urteurreneko ekitaldiak. 2015eko martxoan hasi ziren, Oberenaren urteurrenarekin batera. Orduan flashmoba grabatu zuten Mercaderes karrikan. Segidan hamaika jarduera antolatu zituen taldeak: emanaldiak, erakusketa, kontzertuak… Webgune berria ere urteurrenarekin batera etorri zen, baita han eta hemen jasotako omenaldiak ere: Azpilagañako jai batzordearena, Nafarroako Gobernuarena eta iruindarrena. Ezin ahantzi ere urteurreneko ekitaldien artean izan diren bi ikusgarri berezi: Heldu sokari eta Iturri zaharretik, indar berriz. Orain, ehungarrenera. Aunitz urtez Oberena dantza taldea!
Dokumentuaren akzioak