Lekuz Lekuz jaialdiaren baitan, gaur, hilak 24, bideo-dantzari eskainitako eguna izango da, eta bi pieza eskainiko dira: Paradis eta Microdanzas confinadas, Matxalen Bilbaok konfinamenduan sortutako lana.
Matxalen Bilbaok sorturiko Microdanzas confinadas pandemiak ekarritako itxialdiak iraun bitartean sortu den bat-bateko abentura da. “(…) eta galdera hau egin nion neure buruari: nola jarrai dezaket sortzen, nola jarrai dezaket bizirik sentitzen itxialdi-egoera honetan? Dantzak behar-beharrezkoa du ikuslearekiko harremana…”
Poesia eta dantzaren arteko topaketa interesgarri eta elikagarria, mugimendua eta hitza oinarri dituena. Horixe kristalizatu da bideo formatuko pieza txikiak biltzen dituen Microdanzas confinadas sorta honetan.
Matxalen Bilbao dantzari eta koreografo bilbotarrak etxean, Getxon, egindako lana da, Nuria Ruiz de Viñaspre poeta eta editorearekin batera. Azken hori ere etxetik, baina Madrildik. Proiektuak “gunerik intimoenetik komunikatzeko desira, positiboan pentsatzeko saiakera eta edertasuna bilatzeko gogoa, baita garai zailetan aurrera egiteko indarra eta hain egoera arrotza ulertzeko beharra ere” biltzen ditu.