Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Noemi Alvarez: "Nahi duguna da udalek eta Gobernuak kontuan har ditzatela dantza tradizionalak"

Dokumentuaren akzioak

Noemi Alvarez: "Nahi duguna da udalek eta Gobernuak kontuan har ditzatela dantza tradizionalak"

Komunikabidea
Euskalerria Irratia
Mota
Albistea
Data
2021/05/27
Lotura
Euskalerria Irratia

Nafarroako Dantzarien Biltzarrean biltzen diren 88 taldeek haien kezkak plazaratu ondoren Nafarroako Gobernuaren erantzuna jaso dute aste honetan: bilera batera deitu dute esateko bidea bilatu nahi dutela taldeen jarduera eta dantza saioak berreskuratzeko trantsizio uda honetan. Hori azaldu digu Noemi Alvarez NDBko lehendakariak. 

Nafarroako Dantzarien Biltzarra plazaratutako oharra

Nafarroako Dantzarien Biltzarrak (NDB), Nafarroako 88 talde federaturik dituenak, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua eta Iruñeko Udalaren Kultura Sailak egindako azken mugimenduak ezagutarazi eta salatzeko betebeharra du.

Azkenaldian, espazio anitz dira dantza baloratu ez direnak. Nafarroako Gobernuak Covid-19aren kontrako zenbait arau betetzera makurtu gaitu, eta horietatik kanpo utzi dira akademia profesionalak. Dagoeneko 8 hilabete daramatzagu Osasuna, Kultura eta Kiroletako Departamentuekin egitekoa zen bilera baten zain. Zain, eta bitartean sail batetik bertzera jauzika eduki gaituzte, Nafarroako 88 dantza taldeentzat erantzun argirik eman gabe, gure laguntza eskaera eta beharrei erantzun gabe.

Pandemiaren aurretik eta bitartean, Nafarroako kulturari buruzko diagnostiko-foro batean parte hartzetik kanpo geratu ginen. Foro horretan onartu gintuzten azkenean, eta aktiboki parte hartuagatik ere, gure proposamenetako bat bera ere ez da kontuan hartu.

Gobernuko Departamentuaren azken jokaldia Nafarroako dantza taldeen ikuskizunak “Kultur”en programaziotik kanpo uztea izan da, atzeraka doan ibilbide luze baten azken pausua da hau. Erronda eta Kulturren programazioan hainbat hamarkadatan dantza egin ondotik, azkenean erabat kanpo utzi gaituzte programaziotik. Leku guztietan tokiko kultura lehenestea eskatzen den garaiotan, bertakoa eta Nafarroakoa, herrikoia eta irabazi-asmorik gabea, Gobernuak justu kontrako bidea hartzen ari da.

Bertzalde, Iruñean, bere Kultura Sailak harro jakitera eman zuenez, San Ferminak bertan behera utzi izanari erantzunez “Viva Pamplona, Viva” izeneko kultur  programa bat antolatzeari ekin zioten, hartarako 1,5 milloi euroko poltsa kozkorra baliatuz. Komunikazio honi erantzunez, NDBk, udaleko egitarau ofizialeko zenbait jardueren antolatzailea izan denak, dantzarekin loturiko zenbait jarduera proposatu ditu. Proposamen hau osasun-arauak kontutan hartuta egin da.

Bada, aste honen hasieran, Iruñeko Udalak gure proposamenari emandako erantzuna jaso dugu. Bertze behin ere, hurbileko kulturak, kultura biziak, dantzak, bazterrean utzi dira eta ez dute lekurik Iruñeko Udalak antolatu duen egitarauan. Erantzuna izan da egitaraua itxia dagoela, zehaztua, eta gaurgero Dantza ez duela kabidarik egitarauan. Deigarria da egun berean zinegotzigo beretik oposizioari pazientzia eskatu izana programazioa itxi gabe dagoela erantzunez. Zerbait ez dator bat errealitatearekin. Nola daiteke itxia egotea? Edo lehenagotik itxia al zegoen, inolako kultur eragilerekin kontatu gabe? Hau al da prestatzeko zegoen egitarau partehartzailea? 

Ondare immateriala babestea Administrazioaren betebeharra da, 2030 agendan markatutako Garapen Jasangarriko Helburuen baitan. Hau da, ez gara ezer eskatzen ari, Gobernuak eta gainerako erakunde publikoek beren betebeharrak betetzea aldarrikatzen dugu.

Gure kulturari espazio handiagoa ematea aldarrikatzen dugu, herritar andanarentzako Dantza eta bertako kultura hain garrantzitsua den une honetan, irabazi-asmorik gabekoa, duela urtebete baino gehiagotik hona bizi dugun egoeraren aitzinean arnasa hartu dezan.

Faborez, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak, hausnartu, zuzendu, eta kontuan hartu Dantza kultur aberastasuna dela, eta utzi herritarrei dantzaz eta kulturaz gozatzen.

Dantza gara. Folklorea gara. Kultura gara. Nafarroa gara.

NDBko Zuzendaritza Batzordea

Dokumentuaren akzioak