Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nik ez dut aurreskurik nahi…

Dokumentuaren akzioak

Nik ez dut aurreskurik nahi…

Lehenengoa joan den maiatzaren 31n, Antio ermitako eserleku berriak bedeinkatu zireneko egunean gertatutakoa. Ez-ohiko eguna zen Zumarragako ezpatadantza ikusi ahal izateko, eta ermitara hurbildu nintzen -ia berandu egia esan- ezpatadantza ikusteko asmoz; izan ere zalantzarik gabe, niretzako Antioko harrizko pareten artean Zumarragako ezpatadantza ikustea herri honetan bizi daitezkeen ekitaldirik zirraragarrienetako bat da. Bitartean tenplua beteta, eta bertan bildutako jendea ezpatadantza eta ondorengo meza egin zitezen zain… eta zain diot zeren eta Miren Azkarate Kultur Sailburua berandu zetorrenez, ermita guztia betetzen zuten ehunka lagunok 30 minutuko itxaron aldia bete behar izan genuen. Jendearen marmarrak eta galderak tartean… eta polemiketan sartzeko gogorik gabe, burura datozkit orduan ene buruari egin nizkion zenbait galdera… posible izango litzateke Antioko meza aurreko ezpatadantza-ekitaldia agintaririk gabe egitea? Nor izan zen maiatzaren 31n, ekitaldiko pertsonaiarik garrantzitsuena, Miren Azkarate ala herria bera? Datozen ekitaldiren batean beste agintariren bat berandu bada, berriz itxaroten geratu behar izango da eliza betetzen duen ikuslego osoa?
Egilea
Jonmikel Intsausti
Komunikabidea
Otamotz
Mota
Iritzia
Data
2002/09/23
Lotura
Otamotz

Pello Lizarralde zumarragar idazleari entzun eta irakurri diot hiruzpalau aldiz Zumarragari buruz egiten duen komentarioa. Bere gaztetasuneko Zumarragari buruz galdetzen zaionean cortijoa zela behin eta berriz errepikatu izan du berak. Dantzaren inguruan lehengo maiatzaren 31n gertatukoarekin, oraindik ere gizarte kontuetan herrian cortijoan jarraitzen dugula berresten dut.

Bigarrena, gaur egun beste ohorezko dantza batekin gertatzen aridena, aurreskuarekin alegia. Aurreskua ohorea eta esker ona adierazteko dantza izatetik, ezkontza eta beste zenbait ekitalditan hornidura gisa erabiltzen den ekitaldi folkloriko hutsa bihurtu da…hasierako ohorezko mezu guztia galduz alegia. Izan ere, aurreskuaren bitartez egun ez da ia inor omentzen. Aurreskua kopetaraino dantzatzen baita gaur egungo ekitaldietan: ezkontzetan (horietatik,ezkontideek herriko dantza taldea edergarri gisa kontratatuta sarritan), ekitaldi politikoetan, areto berriak, enparantzak,monumentuak, errepideak, zubiak, bidegurutzeak edo errotondak inauguratzerakoan… kanpoko zein bertako agintariak etortzerakoan…aurreskua edozein ekitalditan garrantzizkotzat eta ezinbestekotzat jo daitekeen parte bihurtu baita, askotan, gehienetan esango nuke nik, bere jatorrizko ohorezko esanahi hori galduz. Izan ere, ohorea ezin daiteke erosi, eta salerostearekin aurreskuaren prostituzioa baino ez da lortu… aurreskuaren dantzatzea sinbolo hutsa bihurtu da!

Eta dantzaren inguruan bestelako gaiekin jarrai nezake, txapelketetan esate baterako, dantza-sueltoan aritzen diren bikoteen ekintza perfektua (miresgarria, akatsik gabea… hau da, perfektuegia eta naturaltasunik gabekoa zimurra ere ederra dela ahaztu baitzaigu hor nonbait), Zuberoan dantzek (eta horri lotuta pastoralek zein maskaradek) herriaren kulturaren baitan hartu duten azken hatsaren aurrekoa, dantzaldietan jendearen dantzarako apatia, lotsa,gaizki-ikusia… baina horiek agian, beste baterako utziko ditut.

Gizarte kontsumista eta balore bako batean bizi gara, eta dagoeneko ia den-dena eros daiteke dirurik tartean badago. Geroz eta akulturalago den gizarte honetan, edo-eta kultura? eredu bakarra eta bera saldu nahi diguten gizarte honetan, kultura sinbolo bihurtzen ari da, aurreskua folklore hutsa bihurtzen ari den bezalaxe,maiatzaren 31ko hartan Zumarragako ezpatadantza bigarren planora pasatu zen bezalaxe.

Hauxe da gure seme-alabek jasoko dutena… eta niri zer axola!!!.Futbol-liga hastear dago-eta…

Dokumentuaren akzioak