Dokumentuaren akzioak
Neskek Dantzari dantza egin dute lehenengoz Durangoko jaietako egun handian
Kriskitin dantza taldeetako neskek eta mutilek elkarrekin dantzatu zuten Dantzari dantza asteartean Durangon, San Fausto egunez. Taldeko mutilen babesa izan dutela nabarmendu du Ixone Aroma dantzariak: "Borroka denona izan da".
Emakumeek lehen aldiz dantzatu dute Dantzari dantza Durangoko egun handian. Anboto agerkariak eman du horren berri. Ixone Aroma Kriskitin taldeko dantzaria da eta harentzat oso berezia izan da esperientzia: "Txikitatik hain hurbiletik ikusi eta bizitako dantzan parte hartzea esperientzia itzela izan da". Aurretik dantzatua zuten Dantzari dantza inauterietan edota kanpora egindako bidaietan, baina herriko jaiak bestelako kontua direla esan du dantzariak. Hala ere, azken urteetan pausua eman edo ez hausnatu dute.
Tronperri eta Txoritxu Alai dantza taldeekin batera zuten emanaldia Kriskitinekoek. Eurekin aurretik hitz egin ostean, aurten dantzatzea erabaki zuten. Jaietako programan ez zuen ezer berezirik jartzen. Lau mutil eta lau neskek osatu zuten zortzikoa. Hala ere, erronka neskena soilik ez dela izan dio Aromak: "Mutilek babestu gaituzte, eta borroka denona izan da".
Datozen urteetan ere gogoeta egiten jarraituko dutela dio Aromak. Hurrengoan, zortzi emakume atera nahiko lukete dantzatzera. Horrez gain, arroparen gaineko eztabaida ere mahai gainean badago: "Andra moduan irten nahi genuen, eta ez gizon mozorrotuta".
Dokumentuaren akzioak