Née dantza ikuskizuna maiatzaren 22an taularatuko du Cielo Raso konpainiak. Igor Calongek 2020an sortutako konpainiak tradizioa, gorputzaren indarra, sinbologia eta poetika erabiltzen ditu bere obretan, eta Née ikuskizunak ere bide horiek jorratuko ditu, besteak beste bakardadea, galera, absentzia eta maitasuna landuz. Calongeren bakarkako lana da Née.
Osa+Mujika bi sormen munduren batura da: dantza eta plastika eszenikoa. Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak sortu dute konpainia, eta Lana dute bosgarren ikuskizuna. Lanak gorputzean eta adimenean duen eraginari buruzko hausnarketa bat da pieza, eta bost dantzari ariko dira oholtzan.
Notwithstanding dantza ikuskizuna, berriz, Araiako (Araba) Ajuria y Urigoitia fabrikaren aurriak behatuz sortu zen. Blanca Arrietak zuzendu du lana, Laura Cobok ekoitzi du, eta Robert Jacksonek interpretatu. Iraunkortasuna hizpide hartuta, gorputzaren eta arimaren arteko oreka ahularen ikuspegia erakutsiko du ikuskizunak. Samuel Becketten Worstward Ho testuaren jatorrizko bertsioa irakurriz (ingelesez) lagunduko dute lana.
Hiru ikuskizunak 19:30ean hasiko dira, eta ordubete iraungo dute. Obra bakoitzaren hasieran eta amaieran publikoarentzako tailerrak eta topaketak egongo dira. Sarrerak 15 euroan eskura daitezke Gasteizko Udalaren webgunean.