Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Necocheako EEko dantzariek Euskal Herrira bidaia egingo dute euskaldunei Argentinako euskal dantzak erakutsi asmoz

Dokumentuaren akzioak

Necocheako EEko dantzariek Euskal Herrira bidaia egingo dute euskaldunei Argentinako euskal dantzak erakutsi asmoz

Komunikabidea
euskalkultura.com
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2008/07/16

Maite Bilbao necocheatarrak ederki egiten du euskaraz. Seguruenik Hernanin bizitzen daraman urte eta erdian lortu du erraztasun hori, baina ikasi, Argentinan ikasi zuen, euskal etxean egin zituen ikastaroetan. Orain, Hernanitik, Maite eta bere anaia Iñaki izan dira Necocheako Gazte Alai dantza taldearen bira antolatu dutenak eta ostiralean, azkenik, euren herriko 23 neska-mutil hartuko dituzte eta eurekin batera euskal dantza erakustaldi bira hasiko dute Euskal Herrian zehar.

"Bidaia 'Hator Hona' programaren ondorioz sortu da. Duela lau urte hasi zuen gure euskal etxeak 'Hator Hona' eta bost ediziotan Euskal Herriko hainbat neska-mutil hara joan dira gure gazteei euskal kultura erakutsi eta Euskal Herriarekiko lotura sakontzen laguntzera. Euskal gazteek bidaia ordaintzen zuten eta necocheatarrek ostatua eta janaria ematen genien gure etxeetan", azaltzen du Maitek.

Euskal gazteen laguntza

Programaren asmoa trukean Necocheako gazteak Euskal Herrira etortzea zen, baina Argentinako egoera ekonomiko zaila dela eta bigarren parte hau ezinezkoa bilakatu zen. Hala ere, edizio bakoitzean esperientzian parte hartzen zuten euskal eta necocheatar gazteen artean adiskidetasun eta harreman estuak sortzen joan ziren eta orain Atlantikoaren bi aldeetan sorturiko euskal gazte sare honek ametsa bete eta argentinarrei bisita egiteko bidea eman die. "Euskal Herriko gazteek euren udaletxeekin hitz egin dute eta emanaldiak antolatu dituzte Necocheako gazteen dantza taldearentzat. Udaletxeek ordaintzen dutenarekin eta Necochean egin dituzten niki, zozketa eta abarrekin bidaia egiteko dirua biltzea lortu dugu", azaltzen du Maitek.

Gazte talde argentinarraren lehen emanaldia Elizondon izango da, igandean, hilaren 20an. Ondoko hitzorduak Azpeitia 24ean, Oiartzun 26ean, Legutio 27an,  Villabona 29an, Hernani 30ean, Lemoa 31an, Zeanuri abuztuaren 3an eta  Etxarri-Aranatz abuztuaren 5ean izango dira. Emanaldi hauetan eta tartean gelditzen zaizkien egunetan gazteek Euskal Herriko bazterrak ezagutuko dituzte eta askok euren senitartekoak eta arbasoen sorterriak ikusiko dituzte lehen aldiz.

Euskal eta argentinar dantzak

Espedizioa osatzen duten gazteak, 20 eta 27 urte artekoak dira, hauexek: Andoni Martínez de Ustaran, Julian Zubillaga, Juan Andres Orte, Santiago Echeverria, Santiago Calle, Sebastian Ustarroz, Juan Andres Aguirre, Jose Ignacio Picardi, Diego Zubillaga, Julian Zagame, Marcial Javier Agostini Zubillaga, Martin Aguirre, Maria Esnaola Azcoiti, Julieta Contreras, Josefina Zubillaga, Maria Lorea Agostini Zubillaga, Maria Julia Yacomini, Begoña Martinez de Ustaran, Maite Ibargüen, Maria Clara Zabaljauregui eta Julieta Thomas Mailland. Eurekin batera Ayelén Aguirrek eta Luciana Contrerasek osatuko dute ostiraletik arrera Euskal Herrian barrena ibiliko den Necocheako ordezkaritza.

Emanaldien egitarauan hamar bat dantza eskainiko dituztela azaltzen du Maitek: aurresku, ezpata dantza, maskarada suletina, arku dantza, fandango... eta baita Argentinako beste bi dantza ere: chacarera eta zamba. Euskal Herriko ikusleentzat tartean kilometro andana badago ere, Argentinako euskal gazteak oso gertu daudela deskubritzeko aukera izango da.

 

 

Necocheako EEko dantzariek Euskal Herrira bidaia egingo dute euskaldunei Argentinako euskal dantzak erakutsi asmoz

Necocheako Gazte Alai taldeko dantzariak

 

 

Dokumentuaren akzioak