Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nazioarteko taldeetan oinarritu du dFERIA-k aurtengo programazioa

Dokumentuaren akzioak

Nazioarteko taldeetan oinarritu du dFERIA-k aurtengo programazioa

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/05/26

Antxon Azpitarte Donostiako Udaleko Kultura zuzendariak dFERIA azokaren «izaera internazionala» nabarmendu zuen atzo, bertan aurkeztuko diren lanen erdia baino gehiago atzerriko obrak izango baitira, gehienak hegoamerikarrak, nahiz eta Poloniako bi talde ere gonbidatu dituzten. Aurkeztuko diren dantza eta antzerki ikuskizunen %73 Euskal Herrian aurrez estreinatu ez diren lanak izango dira, eta horien artean nabarmentzekoa da «Tatami» lanaren estreinaldi osoa. Obra hori Tanttaka euskal konpainiaren proposamen berria da, eta Filologia Hispanikoan lizentziatutako emakume batek eta begiluze batek Madril eta Tokio arteko bidaian mantentzen duten erlazio arraro batean oinarritzen da.

Norka Chiapuso dFERIA-ko zuzendariak, bere aldetik, «Avenida Dropsie», Sutil Companhia de Teatro (Brasil) taldearen Europako estreinaldia izango dena nabarmendu zuen, Will Eisner sortzaile grafikoaren unibertsoan oinarritutako 200 pertsonaia baino gehiagoko muntaia konplexua. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra egingo den azokan parte hartuko duten sorkuntzetatik %35 euskal herritarrak izango dira eta, %15, Estatu espainolekoak. Halaber, aurkeztuko den programazioaren %60 antzerkia izango da eta, %40, dantza. Aurtengo edizioan kale antzerkia desagertu eta dFERIA «bere sustraietara» itzuliko da berriz ere; ondorioz, eskaintza aretoko ikuskizunetan oinarrituko da, horretarako Donostiak nahikoa baliabide dituela iritzi baitute antolatzaileek.

Aurtengo edizioa baldintzatuko duen beste faktoreetako bat krisi ekonomikoarena izango da. Izan ere, gainontzeko kultura jarduerekin gertatzen ari den bezala, krisialdia nabaritu egin da, batez ere egitasmoa aurrera ateratzeko aurrekontuan. Aurtengoan, %25 murriztu da antolakuntzarako aurrekontua eta 400.000 eurorekin egin behar izan diete aurre gastuei. Krisiak krisi, antolatzaileek sarreren prezioa jaisteko esfortzua egin dute eta deskontu sistema berezi bat abiarazi dute ikusleentzat; hala, zenbat eta sarrera gehiago erosi, prezioen balioa gero eta gehiago murrizten joango da.

Dokumentuaren akzioak