Elai-Alai dantza elkarteak antolatuta, 48. Nazioarteko Folklore Jaialdia uztailaren 17tik 20ra egingo da, eta munduko hainbat txokotako dantza eta musika taldeak, hala nola, Kolonbiako, Indonesiako, Mexikoko, Errumaniako eta Ugandako taldeak, Euskal Herrira etorriko dira.
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Portugaleteko Udalak babesten dute jaialdi hau, aurten, uztailaren 17tik 20ra bitartean Portugaleteko Canilla pasealekuan egingo dena. Hantxe arituko dira nazioarteko taldeak dantzan, egunero, 21:30etik 23:00etara arte.
Dantza-emanaldiez gainera, bi kontzertu antolatu dira: jaialdian parte hartzen duten elkarteetako musikariek hainbat doinu eta melodia tradizional joko dituzte. Puente Colgante Boutique Hoteleko terrazan, hilaren 23an eta 24an.
Gainera, hilaren 25ean, beste egitasmo garrantzitsu bat antolatu da, izan ere, egun horretan Munduko Dantzak jardunaldia egingo da. Hala, goizean, ekitaldi hunkigarri bat antolatu da: Munduko Sustraiak. Ekitaldi horretan, talde parte-hartzaileek beren herrialdeko lur apur bat ipiniko dute Gernikako Arbolaren kimuetako baten oinetan.
Urtero legez, Nazioarteko Folklore Jaialdia Portugaletetik kanpora ere joango da, eta Euskal Herriko beste zenbait udalerritan ere arituko dira taldeak.