Dokumentuaren akzioak
Nazioarteko folklore jaialdia ospatuko da bihar Deban
Jaialdia bihar ostiralera, gaueko 10:30etan, Zumardian dago iragarrita, baina lehenago, arratsaldeko 7etan, harrera egingo zaio taldeari udaletxeko biltzar aretoan.
Jaialdiak ikusmin handia sortu du udalerrian, orain dela bi urte herriko dantzarien eta Keniako taldearen ikuskizunak lagatako inpresio onagatik, dudarik gabe. Aurtengoan, Gure Kai eta Debabarreneko dantzariek hartuko dute parte; baita herriko musika eskolako dantzariek eta erraldoi konpartsak ere. Bertan izango dira, era berean, Debako Musika Bandako partaide batzuk, Amaia Sukia akordeoilaria, Kalez-kale taldeko txistulariak, Lizarrako gaiteroak eta Oihane Valenciano eta Eneritz Aranburu trikitilariak.
Ikuskizuna Sri Lankako Ballet Sama Rangarekin hasiko da. Ondoren Euskal Herriko dantzak izango dira: Otxagiko dantzak, Bizkaiko erregelak, Arratiako fandango eta Arin-arina, Don Anesi eskainitako dantza eta Erronkariko ttun-ttuna. Sri Lankakoek hartuko dute berriro taulatua eta gero, amaitzeko, Debakoek Dan-tza luze, Sorginak eta euskaldunak, Ahuntxa eta segidak, Kontradantzak, Kadrile dantza eta Balsa eskainiko dute.
Hori guztia, esan bezala, bihar, ostirala, gaueko 10:30etatik aurrera izango da Debako Kalbeton Zumardian.
Dokumentuaren akzioak