Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nazioarteko dantza garaikideak badu lekua Bizkaian

Dokumentuaren akzioak

Nazioarteko dantza garaikideak badu lekua Bizkaian

Egilea
Urko Iridoy Alzelai
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2024/10/01
Lotura
Berria

Luna Cenere koreografoaren 'Shoes On' ikuskizuna. Dantzaldian parte hartzekoa da Cenere. DANTZALDIA

Luna Cenere koreografoaren 'Shoes On' ikuskizuna. Dantzaldian parte hartzekoa da Cenere. DANTZALDIA

Dantza garaikidea ulertzeko esfortzua egin behar dela uste dutenak badira, bai eta mugimendu segida hutsa dela diotenak ere. Dantza garaikidea gizarteratzeko helburuz sortu zen Dantzaldia jaialdia, Bilbon, eta, 25 urte beteko dituen urtean, bi hilabeteko programazioa aurkeztu dute, nazioarteko dantzari asko elkartuta. Irailaren 24an eman zioten hasiera jaialdiari, antolatzaileen eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien aurkezpenarekin batera. Abenduaren 5era arte iraungo du Dantzaldiak, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, «aukera paregabea» izango da dantza garaikidea herriari hurbiltzeko.

Hamaika emanaldi programatu dituzte Guggenheimen, Barakaldo antzokian, Azkuna zentroan eta Fundicion aretoan. Dantza garaikideko emanaldiez gain, dantza klase bat, tailer bat eta bestelakoak antolatu dituzte. «Dantza garaikidea jendeari hurbiltzea izan da beti Dantzaldiaren helburua, denontzako eskura izatea. Bizkaian dantzarekin dugun harremana oso estua izan da beti». Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol sailetako foru diputatuaren arabera, «dantza berrietara hurbiltzea erraza izan da bizkaitarrentzat, Dantzaldiak 25 urteetan egin duen lanagatik».

Aurten Italia izango da herrialde gonbidatua. Dantzaldiaren zuzendarietako batek, Laura Etxebarriak, azaldu du Italiako dantza garaikidearen ordezkari handienetariko bat ariko dela aurtengo jaialdian: «Tempi di Danza erakundeak lan handia egiten du Italiako dantza garaikidea hedatzeko, eta, haiei esker, aurten Italiako hiru konpainia edukiko ditugu Dantzaldian». Italiatik ez ezik, beste hainbat herrialdetatik ere iritsiko dira dantzariak Bizkaira, eta, horrenbestez, dantza garaikidearen nazioarteko erakusleiho bihurtuko da Dantzaldia.

Irailaren 24an, aurkezpenaren ondoren, Melania Olcina dantzari espainiarrak La declamación muda emanaldia egin zuen. Olcinak 2023ko Espainiako Dantza Sari Nazionala bereganatu zuen, Jorge Moreno tronboi jotzailearekin batera egiten duen dantza garaikideari esker. Tronboiaren mugimenduak Olcinarenekin batzen dira ikuskizunean, eta, gorputz mugimenduek ez ezik, arnasak protagonismo handia hartzen du bertan. Gaur izango da bigarren eguna, Bilboko Arte Ederren museoan: Hang Tho Creative konpainiak False Memories pieza dantzatuko du. Vietnamgo eta Herbehereetako eraginak uztartzen ditu Hang Tho Creativek. Haien ondoren, Greziako Small Axe konpainiak Fárisa interpretatuko du; bi pertsonaren arteko harreman estu batek sortzen duen erromesaldi baten metafora irudikatzen du. 

Dantza itsua

Hurrengo emanaldiak azaroan izango dira. Azaroaren 7an, Nicola Galli koreografoak Deserto tattile aurkeztuko du. Basamortuaren paisaiei buruzko ikerketa artistiko bat osatzen dabil Galli, eta haren lana Azkuna zentroan agertuko duen dantza ikerketaren bigarren atala da. Handik astebetera, azaroaren 14an, lehiaketako bi emanaldi ikusi ahalko dira Fundicion aretoan, 19:00etan hasita. Alde batetik, zinemak bere tartea edukiko du. Paloma Zapatak La singla aurkeztuko du Bilbon, Antoñita Singla dantzariaren bizitza kontatzen duen dokumentala. Ikus-entzunezkoaren ondoren, Luna Cenere koreografoak Shoes on interpretatuko du. Soilik zapatak jantzita, Michele Scappa eta Davide Tagliavini dantzariek mugimenduaren eta gorputzaren ikerketa bat interpretatzen dute, antzinako mugimenduak eraldatuz, gaur egungo postura atletikoetaraino iritsita. 

Azaroaren bukaeran izango dira azken lau ikuskizunak: azaroaren 21ean, Jacopo Jennaren Some Choreographies (Azkuna zentroa); azaroaren 23an, Jose Maldonadoren Galeria (Guggenheim museoa); azaroaren 29an, Rocio Molinaren Variaciones de Lo Inefable (Barakaldo antzokia); eta azaroaren 30ean, CRL konpainia portugaldarraren Feedback (Fundicion aretoa). Gainera, Jose Maldonadok eskola magistral bat emango du azaroaren 24an, Aresti Landa dantza eskolan. Azkenik, abenduaren 3an, 4an eta 5ean, Sharon Fridman eta Tamar Maylisz koreografoek tailer bat emango dute dantza garaikide inklusiboaren inguruan, eta, bertan, itsuak nola dantzatzen diren esperimentatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Dokumentuaren akzioak