Dokumentuaren akzioak
Nazioarteko 32 dantzari, Metamorphosis Summer Course Residency-n
Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Dantzaguneak antolatuta, eta Donostia 2016ren Elkarrizketak programaren barnean, Iratxe Ansa dantzari eta koreografoak Metamorphosis ikastaroa emango du Donostian uztailaren 4tik 27ra. Izatez, Metamorphosis Summer Course Residency dantza garaikideko ikastaro trinko ibiltari bat da eta Donostian egingo de hirugarren edizioa. Aurrekoak Pekinen (2014) eta Mexiko Hirian (2015) egin ziren.
Nazioarteko eta tokiko dantzariak eta artistak bilduko ditu ikastaroak; hiru asteko egonaldi trinko batean koreografia-sorkuntza bat egingo dute, eta horren emaitza Victoria Eugenia Antzokian aurkeztuko dute uztailaren 27an. Aurretik, eta zenbait lankidetzari esker, emanaldiak egingo dituzte Guggenheim Bilbao Museoan, Tabakaleran, Chillida-Lekun eta San Telmo museoan. Dantzako sorkuntzari lotuta, arte garaikideko beste hainbat diziplinatako artistekin elkarlanak egingo dira ikastaroaren barruan.
Iratxe Ansa errenteriar dantzari eta koreografoa da ikastaroaren sortzaile eta zuzendaria. Nazioarte mailan egindako ibilbidearen bermearekin ondutako metodologian oinarritzen da ikastaroaren egitura. Mugimendua arakatzera eta koreografia-sorkuntza ikertzera bideratutako ikastaroa da eta hamaika herrialdetako 32 dantzari bilduko ditu. Inprobisazio-prozesu zehatz bat landuko dute ikasleek, dantza garaikideko joera berrienak arakatuz. Amaieran, ikuskizun eszeniko bat aurkeztuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, egonaldiaren amaiera gisa.
Dokumentuaren akzioak