Dokumentuaren akzioak
Nava Jeevan elkartearen aldeko Dantzara saioa egingo da gaur
Dantza estilo ugaritako ikuskizuna izango da 17:30ean, Maria eta Josen. Indiako haur ugariri eta emakume talde bati laguntza emango dien hiru proiektutan ari dira lanean erakunde honetako kideak
Nava Jeevan elkartea Indiako umezurtzei eta behar larriak dituzten haurrei laguntzeko sortu zuten Zumaiako, Azpeitiko eta Debako gazte talde batek. Gobernuz kanpoko erakunde honek hiru proiektu ditu gaur egun esku artean: Asha (umezurztegian gaixo dauden haurren mantenua), Ankur eskolarena eta Nava Chetna hezkuntza zentroarena. «Nava Jeevanen ilusio handiarekin gaude, haur pilo batek eta emakume talde batek jasoko baitute laguntza hau».
Estilo desberdinetako dantzak ikusteko aukera izango da gaurko ikuskizunean: Alima ekialdeko dan-tza taldea eta Alain Maiak zuzendutako Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako euskal dantza taldea, Pavis Beirasek gidatutako dantza neoklasiko eta garaikidea eta Marijo Zubia eta Valentina Palmeroren sevillana taldea, Igor Latasa eta Marian Amenabarren areto dantzak eta Senzala Euskadiren capoeira. Amai-tzeko, Astindu dantza taldeko kideek maiatzaren 25ean aurkeztuko duten 'Broadway-Cabaret' musikalaren aurrerapen bat eskainiko dute.
Dokumentuaren akzioak