Dokumentuaren akzioak
Nahita oroituak, nahita ahaztuak
Blanca Arrieta koreografo eta dantzariak'Solo' emango du gaur Barakaldo antzokian, Dantza Garaikideko Zirkuituaren barruan
«Solo-n, memoriaren gaia arlo pertsonalago batera eraman dut», adierazi du Blanca Arrietak. «Heriotzaz mintzo naiz, azken batean denontzako interesa duen gaia baita. Hala nahi dugulako oroitzen ditugun gauzei buruzkoa, eta hala nahi dugulako ahazten ditugun gauzei buruzkoa da Solo. Gorputzak gauza batzuk oroitzen ditu, marka fisikoak utzi dituzten gauzak, baina guk, pertsona gisa, gauza batzuk oroitzea eta beste batzuk ez oroitzea erabakitzen dugu». «Lan fisikoa dago, mugimenduko lan koreografikoa», Arrietaren lanean. «Keinuen, jarreren eta abiaduraren bidez sentsazioak sortzen ahalegintzen naiz: batetik, hutsune sentsazioak, eta bestetik oroitzapenez betetako gorputz baten sentsazioak».Adierazi nahi duena adierazteko, Marian Gerrikabeitiaren bideo lanaren laguntza du Arrietak. Argiztapenaz eta espazio eszenikoaren diseinuaz, berriz, Oscar Grijalva arduratu da.Gerrikabeitiaren bideo lanean burdina artean erortzen ari den esnea ikusten da. «Gauza bigunak gauza gogorrekin nahastu nahi izan ditugu, Salvador Dalik bere margolanetan egiten zuen bezala. Gorputzaren mugimenduekin ere kontraste hori landu dut: mugimendu gozoa, abiaduraren laguntzaz, gogortu egiten da, lakarra bihurtzen da».Bideo lanak izan ditu lagun Arrietak aurreko bere koreografietan ere, bai Zero-n eta bai 3600-en. «Gustukoa dut bideo lanen laguntzaz dantza egitea, dantzaren bidez kontatu nahi dudanaren osagarri egokia izaten baita bideo lana. Pieza ixteko oso lagungarria izaten da».Zirkuitua lagungarria da, Arrietaren ustez, dantzari garaikidearentzat, gainerakoan oso zaila baita dantzarien lana publikoarengana heltzea. «Guk gure lanak ekoiztera bideratzen dugu gure indarra, baina egiten dugunaren berri oso nekez iristen da publikoarenganaino».
'Memoria' deituko den laneko lehen zatia
Arrietak ekainaren 1ean eta 2an Bilboko Rekalde erakusketa aretoan estreinatuko duen Memoria osatuko duten hiru koreografien arteko lehena da Solo. Beste biak ere Arrietak sortuak dira, baina beste dantzari batzuek emango dituzte: Robert Jackson eta Igor Kalonje ariko dira bigarrengoan; eta Robert Jackson, Agurtzane Arrien, Helena Golab eta Fernando Hurtado hirugarrengoan. Bi atal horiek ez dute oraindik izenbururik. Hiru atalek «memoria eta Salvador Daliren margolan batzuk» dituzte ardatz.
Bilboko Rekalde aretoan estreinatu ondoren, Memoria koreografia Gasteizko Montehermoso kulturunean emango dute, ekainaren 17an; eta ekainaren 24, 25 eta 26an Santiagoko (Galizia) Pe de Pedra kale antzerki eta dantza jaialdian.«Edozein espaziotan emateko moduko lana izango da Memoria», Arrietak dioenez. «Ikusleengandik gertuago egoteko aukera gisa planteatu dugu, eszenategiaren eta ikusleen gunearen artean muga zehatzik ezarri gabe. Zerbait ezberdina egiteko aukera probatu nahi dugu, eta batez ere jendearengana gehiago gerturatzeko aukera. Geroago aretoetara ere emango dugu, baina hasieran behintzat horrelako guneetan eman nahi dugu».
Koreografia: 'Solo. Chupa mieldel corazón dulce'. Koreografoaeta dantzaria: Blanca Arrieta.Bideo lana: Miren Gerrikabeitia.
Dokumentuaren akzioak