Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nafarroaren Eguna hor da berriz, ebiakoitzez

Dokumentuaren akzioak

Nafarroaren Eguna hor da berriz, ebiakoitzez

Pandemiagatik, Basaizeak bi urtez ez du antolatu ahal izan Baigorrin Nafarroaren Eguna. Bihar berriz itzuliko da besta nagusia, hilabeteko kulturaldiaren ondotik. Aurten, larunbatez egitea erabaki du, eta, araberan, Euskal Herri guzitik autobusak eta kanpalekua antolatu ditu, jende gehiago azal dadin.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Tokia
Baigorri
Mota
Erreportajea
Data
2022/04/29
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Bi urtez Baigorriko gertakari nagusia pandemiaren ondorioz egin ezinez egon ondoan, bihar itzuliko da Nafarroaren Eguna. Frantziako presidentetza bozak apirileko azken igandez izanik, eta ondokoa maiatzaren lehena, Basaizea elkarte antolatzaileak larunbat honetarako finkatu zuen. Usaiako egitarau joriarekin heldu da besta.

2020an, COVID-19a agertu berriak hetsialdia eta murrizketak ekarri zituen, udaberria gabe. Basaizeak kasik dena prest zuen Nafarroaren Egunerako, eta tanpez gelditu zen dena. Horiek horrela, Maider Luro elkarteko arduradunak (Baigorri, 1997) oroitarazi du nahi izan zutela zerbait egin, eta Kanaldude herri telebistarekin zuzeneko saioa egin zutela. “Zerbaiten markatzeko, halere; Nafarroaren Egunak baitu bere garrantzia bai kultura arloan, bai jendeen izpirituetan. Zuzenekoa ontsa ibili zen, gozo zen, eta bazen, alegia, Nafarroaren Eguna zerbait”, erran du Lurok. Iaz, osasun neurriek ez zuten ahalbidetu hein horretako besta jendetsuaren antolatzea.

Aurten, beraz, kultur elkartea berriz plantatu ahal izan da ohiko kulturaldiaren muntatzeko, Zuti gaitezen berriz! leloa harturik. Martxo hondarrean hasi zen, nolabait, Euskal Kultur Erakundeak egin Eleketa erakusketarekin, zeinetan Garazi-Baigorri lurraldeko 106 lekukok beren bizipenak eta oroitzapenak kontatzen baitituzte. Udalbiltzak bultzatu Geuretik Sortuak sorkuntza deialditik atera bi lan zabaldu ditu, bestalde, Basaizeak: Bidaide antzezlana eta Bost Teilatu film laburren bilduma. Iragan ostegunean, gainera, Lorea Agirrek hitzaldia eman zuen, Ortzaize Menta liburu dendan, Euskalgintza eta feminismoa bidaikide izenburupean. “Gauza anitz pasatu dira, eta biziki ontsa; jendea kontent zen holako gauzak berriz izateaz. Trukaketa guneak ere baitira gure artean”, dio Lurok.

2018ko Nafarroaren Eguna

 

Ebiakoitzez

Osasun ziurtagiri beharturik ez, maska soinean eraman beharrik ez, Nafarroaren Eguna lehen bezala egiten ahalko da; Lurok dioenez, denen atseginerako: “Entzun ditugun ohar guziak ziren: ‘Azkenean, berriz!’. Azkenean berriz dena: goizeko ekitaldia, dantza ikusgarriak, Euskal Herri osoko ziganteak ikustea, bazkaria Kuxkuxturekin, gaueko kontzertuak. Berriz besta egun oso bat euskaraz pasatzea”. Gehiago dena, aurten ebiakoitzez gertatuko da.

Egutegiak beharturik gertatu bada ere, ez zuen gaurko gogoeta Basaizeak egun aldatzearena: “Bazuen bulta bat aipatzen genuela ebiakoitzez antolatzea; jendea goxoagoki heldu da egunpasa. Pentsatzen dugu jende gehiago izanen dela”. Araberan eta lehentze, kanpalekua antolatu du lekuan berean lo egiteko. Autobus sare zabal bat ere pikoan eman du Euskal Herri osotik, herritarrek joan-jina autorik gabe egiteko parada ukan dezaten. Lurok badu esperantza zerbitzu horiei esker eta larunbata izatearekin Euskal Herriko zoko gehiagotako jendeak hunkiko dituztela berriz. “Ez genuen gehiago publiko bat hunkitzen, salbu hurbilekoa: Iparraldekoa edo Baztangoa; edo, gehienez, Iruñe artekoa. Ebiakoitza izanez, hor espero dugu Nafarroaren Eguna gaztetzea eta gure balioak horiengana ere arribatzea”.

Euskal kultura da balio nagusia, Basaizeako kideak azaldu duenez. “Euskal kulturak bizi behar du, eta gazteei dagokie biziaraztea. Iduritzen zait batzuetan kultura ahanzten dela politikari leku gehiago emanez. Kultura egitea politika egitea da”. Musika, kantua, dantza, bertsoaren inguruan Euskal Herri guziko eginahala jende bildu nahi lituzke Nafarroaren Egunak. “Azkenean, Nafarroaren Egunak ez du Euskal Herriaren batasuna salbatuko”, erran du, irriz, Lurok, “baina, jendeak trukatzeko eta harremanak egiteko lekua baldin bada, geroago proiektuen sortzeko, orduan dena irabazi da”.

Maider Luro, Baigorriko Basaizea kultur elkarteko arduraduna

Baigorriarrek, harreman hori naturalki badute Izpegiz haraindiko Baztango auzoekin. “Gero eta gehiago entseatzen gara Baztango gaztetxearekin trukaketetan aritzea”, esplikatu du Lurok. Bakoitzak antolatu bestetan, lan txandak egiten dituzte batzuek eta besteen herrian. “Gauza biziki sinpleetan egiten dira trukaketak, azken finean”.

Bukaeran, Holako Deluxe

Euskal Herriko kultur nazio ikuspegia egitarauan markatuko du berriz ere Nafarroaren Egunak. Dantzarietan lehenik. Iruñeko Duguna taldea itzuliko da Baigorrira, baita Tafallako dantzariak eta Amikuzeko Burgaintzi ere. Nafarroa osoko ziganteak elkartuko dira ohiturazko ibilaldirako, gaiteroek, Baxenabarre eta Lapurdiko Txakatuk, Kuxkuxtu eta Ezpela txarangek lagundurik.

Kontzertuetan, Gipuzkoatik, Letagin Oñatiko rock taldea eta Kilimak Hernaniko runba taldea ariko dira. Ipar Euskal Herriko plaza andana bat jada dantzan jarri duen Andoni Ollokiegi gipuzkoarrak ere joko du. Historikoetan, Kiki Bordatxo eta zenbait hamarkadaren buruko berriz agertu den Izan taldeak ariko dira oholtza gainean. Eta gaualdia —usaia halakoa bilakaturik—, Holako Deluxe taldeak bururatuko du dantzaldiarekin, xapito handiaren azpian.

Lurralde bat baino gehiagoko bertsolariak ere elkartuko dituzte arratsaldeko saiorako: Onintza Enbeita bizkaitarra, Oihana Iguaran gipuzkoarra, Eneko Lazkoz nafartarra eta Sustrai Colina lapurtar nafartua.

Goizean, elizako edo Gaineko plazan, erritualak bilakatu diren ikastolaren askaria, merkatua, ekitaldia, Bas’Hitza, irrintziak eta Larrain Dantza eginen dira.

Berriaren zozketa

Aurten, lehen aldikoz, BERRIA egunkariak zozketa berezia antolatu du Nafarroaren Egunaren karietara. Zozketan parte hartu nahi dutenek parada izanen dute izenaren emateko goizeko merkatu gunean, eliza ondoan, BERRIAk atxikiko duen mahaira joanda. Zozketaren irabazleak egonaldi bat izanen du eskainirik Baigorriko Manexenea hotel-jatetxean, bi gau eta hiru afarirekin, bi lagunendako. Sariduna nor den jakiteko zozketa maiatzaren 9an eginen da.

Iruñeko Dugun adantza taldea Baigorriko Nafarroaren Egunean

BAIGORRIKO EGITARAUA

GAINEKO PLAZA

09:00. Merkatua ikastolako askaria.

10:00. Desfilea: Duguna, Burgaintzi, Tafallako dantzariak; makilariak, Basaldunak, Kilimon, Baigorri eta Nafarroako ziganteak, trikitilariak, txistulariak, gaiteroak, Txakatuk, Ezpela eta Kuxkuxtu txarangak.

11:00. Ekitaldia elizako plazan.

12:00. Basa hitza, irrintzinak, jauziak.

13:00. Larrain dantza.

14:00. Ikastolako bazkaria, Plaza Xokon.

HERRIKO ETXE AITZINA

Haurren xokoa: puzgarriak, egurrezko jokoak, makillajea.

13:30. Jaiak txaranga.

15:30. Elektrotxufla.

19:00. Jaiak txaranga.

21:00. Andoni Ollokiegi.

BEHEREKO PLAZA

15:30. Bertso saioa: Eneko Lazkoz, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Sustrai Colina.

Dokumentuaren akzioak