Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nafarroako dantzariak, bildurik

Dokumentuaren akzioak

Nafarroako dantzariak, bildurik

Lehen aldikoz Baxenabarren eginen den Nafarroako Dantzari Egunak 200 dantzari inguru bilduko ditu bihar Donibane Garazin. Oztibarren eta Amikuzen ere ariko dira dantzan

Nafarroako Dantzari Eguna, lehen aldikoz, Baxenabarren eginen da bihar, Donibane Garazin. Lekuko Garaztarrak dantza taldea eta Baigorriko Arrola elkartu dira egunaren antolatzeko, Nafarroako Dantzarien Biltzarra (NDB), Iparraldeko eta Euskal Herriko Dantzarien Biltzarren laguntzarekin. Berrehun bat dantzari izanen dira Nafarroako hainbat lekutarik jinik Baxenabarreko herri desberdinetan arratsalde hatsarrean eta Donibanen berean arrastiriz.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/05/05
Lotura
Iparraldeko Hitza

Hirurogeita hamalau dantza talde biltzen ditu Nafarroako Dantzarien Biltzarrak. Erdia pasa haur dantza taldeak dira, eta 34, berriz, helduenak. Azken dantzari eguna duela bi urte iragan zen, eta Donibane Garazikoa azken urte hauetan indartu harreman baten emaitza da, Garaztarrak taldeko Patxi Oillarburuk baieztatu duenez: “Azken Nafarroako Dantzari Eguna Irurtzunen egin zuten, 2014an. Gomita ukan genuen, Lizarrarekin baitugu harremana. Egun polita pasatu genuen, eta hortik jin zen gogoeta zendako ez Nafarroako Dantzari Egun bat antolatu Garazin; Iparraldean ez zen sekula izan holakorik”. NDBko lehendakari Juankar Ornatek oroitzapen biziki ona du Irurtzungoaz: “Oso ongi atera zen; berrogei bat taldek parte hartu zuten”.

Garaztarrek ez zuten Dantzari Eguna igurikatu harremanen egiteko. Aitzineko belaunaldietan Iruñako Ortzadarrekin harreman iraunkor bat izan bazen; belaunaldi berrikoek berriz lotura egin dute Lizarrako dantzariekin: “Hara joan ginen larrain dantza ikasteko, eta horiek entrexantak, euskaldunak, sorginak ikasteko”, zehaztu du Oillarburuk; “harremanak segitu du: 60 urteak ospatu genituelarik gomitatu genituen; han besta bat antolatu zuten, eta joan ginen, beste dantza bat ere ikasteko haiekin. Entseatzen gara, urtean behin zerbait egiten elkarrekin”.

Baxenabartarrek, Nafarroa Garaikoek bezala parte hartzen dute Euskal Herriko Dantzari Egunean, baina, Ornaten ustez, Euskal Herrikoak Nafarroa mailakoak bezala, badute biek munta harremanetarako: “Oso garrantzitsuak dira biak. Honetan, [Nafarroakoa] hurbiltasun gehiago bada; Nafarroako taldeen arteko harremanak sendotzen dira horrelakoetan”. Era berean mintzo da Oillarburu garaztarra: “Iparraldekoen eta Hegoaldekoen arteko ezagutzen egiteko parada da aldi guziz holako bestetan. Taldeak saretzen dira egun horien kariaz”. Lehentze Baxenabarreko hiriburuan egiteak beste erronka gehitzen dio: “Aldi berean, euskal nortasunaren inguruko zerbaiten markatzeko da Garazin euskal dantzaren inguruan”.

Herrialde bakarraren markatzeko ere balioko duela erran du NDBko lehendakariak: “Historia eta folklore berbera daukagu; ez dira bi Nafarroa, Nafarroa bakarra da! Garaztarrek eta Arrolakoek proposatu zigutelarik, oso gustura hartu genuen”. Are gehiago, harremanak oro euskara hutsean egiten dituztela baieztatu dute bi antolatzailek.

Oztibarren eta Amikuzen

Arratsaldeko seietan, dantza talde guziak Donibane Garaziko karriketan gaindi ibiliko dira dantzan. Ondotik, dantzaldia bermatuko du denendako Donamartiriko ikastolako burasoen artean muntatu Arberoako txarangak. Aperitifaren eta afariaren ondotik, Holako Deluxe taldeak du giroa jarriko.

Baina arratseko besta aitzin, dantza taldeak Oztibarre eta Amikuzeko herrietan ibiliko dira. Herriko dantza taldea antolatzaile izanen duten Arboti, Bithiriña, Gabadi eta Larzabalen zehazki; baita Baigorrin ere. Saio horiek, 15:30ean emanak dira herri bakoitzean. “Usaia holakoa dute Nafarroako Dantzari Eguna egiten dutenean; beti bada lehen parte bat herri edo auzo zenbaitetan gero berriz biltzeko talde guziak hiri nagusian” esplikatu du Oillarburuk. “Aukera zen guretzat harremanetan sartzeko beste herri horietako dantza taldeekin ere: Bithiriña, Gabadi, Arboti, Larzabale. Hasi da truke berri bat gure artean lehenago ez zena”. Talde bakoitzak bere herriko dantzak emanen ditu hogei minutu-oren erdi batez.

Donibane Garaziko herriko etxeak utzi azpiegiturez gain, departamenduaren, Euskal Kultur Erakundearen eta Nafarroako gobernuaren diru laguntzak eskuratu dituzte antolatzaileek egunaren antolatzeko.

Sanfermines 2009. Ambiente tras el txupinazo. En la imagen, festival folclórico en la plaza de los Fueros con los grupos de dantza, Amaiur, Ardantzeta, Duguna, Harizti, Iruñea taldea Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar y Txori Zuri.

Nafarroako hainbat herritarik jinik, 13 dantza taldetako berrehun bat dantzari elkartuko dira bihar Nafarroako Dantzarien Egunean, Donibane Garazin.

Dantza taldeak

Arrola (Baigorri)

Basakaitz (Iruñea)

Bithindarrak

Bunuztar Xoriak

Burgaintzi (Arboti)

Garaztarrak (Donibane Garazi)

Iruña Taldea (Iruñea)

Iruski (Gabadi)

Luzaideko dantzariak

Oberena (Iruñea)

Ortzadar (Iruñea)

Rocamador (Zangoza)

Txori Zuri (Berriozar).

Sanfermines 2009. Ambiente tras el txupinazo. En la imagen, festival folclórico en la plaza de los Fueros con los grupos de dantza, Amaiur, Ardantzeta, Duguna, Harizti, Iruñea taldea Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar y Txori Zuri.

Dokumentuaren akzioak