Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nafarroako besta maratoia

Dokumentuaren akzioak

Nafarroako besta maratoia

Baigorri Nafarroaren Egunak 30 urte ospatuko ditu datorren igandean, ohiko besta giroan

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2008/04/24

Hogeita hamar urte ospatuko ditu aurten Nafarroaren Egunak. Usaian bezala, goizetik hasiko da besta maratoia. 11:00etatik goiti, kalejirak abiatuko dira handik eta hemendik, erraldoiekin, dantzariekin, joaldunekin, trikitilariekin, txarangekin... Eta, nola ez, gaiteroekin.

12:00etan, berriz, elizan iraganen da ikusgarri berezia. Iparraldeko bertsolari belaunaldi berria, Arrola dantza taldea, Karmeleren irrintzina, Basaizearen hitza, mutxikoak, eta Larrain dantzarekin herriko plazara abiatuko dira, besta jarraitzera. Elizaren aitzinean, eskulan erakusketa ere izanen dela ez da ahantzi behar. Azken zintzur bustitzearen ondotik, Garazi eta Ortzaizeko (Baxenabarre) ikastoletako bazkaria iraganen da pentzean. Kantariek eta patxaranak alaituko dituzte bazterrak. Antolatzaileek ere hitz bat erranen dute. Bazkariko txartelak egunean berean salgai izanen dira, goiz aski oroituko denarentzat.

Arratsaldean, herriko plazaren inguruan iraganen dira animazioak. Pilotalekuan berean, 16:00etan iraganen da haurren Xiba herri kirol lehiaketa. Ondotik, Arrola eta Nafarroako Iruna dantza taldeek ikusgarria eskainiko dute. Zuberoako Amaren Alabak taldea ere entzuten ahalko da. Anartean, orain ospetsua bihurtu den Xokoa lekuan, kontzertu eta animazioak iraganen dira. 16:00ak aldera, Kokin talde berria bazterrak kitzikatzen hasiko da. 17:00etan, Beñat Elizondoren Kuxkuxtu txarangak segituko du lana. 18:00etan, Esne Beltza taldea ikusten ahalko da, eta, ondotik All Jazz Era.

19:00etan, herriko plazako azken mutxikoak hasiko dituzte, Larrain dantzarekin bukatuz. Besta segitu nahi dutenek izanen dute oraindik asetzekoa, zabaldurik geldituko diren ostatuetan. Iluntzean, taloekin indarberritu eta, Xokoan jarraituko du maratoiak, Kiki Bordatxorekin itzaliko baita 30. Nafarroaren Eguna.

Zer: Nafarroaren Eguna.
Noiz: Igandean, 11:00etatik goiti.
Non: Baigorrin (Baxenabarre).

Nafarroako besta maratoia

Dokumentuaren akzioak