Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nafarroa, denon etxea, euskaraz biziko dena

Dokumentuaren akzioak

Nafarroa, denon etxea, euskaraz biziko dena

Beste urte batez, Nafarroaren Egunak Baigorrin elkartu zituen bateko zein besteko nafarrak, fikziozko muga politikoen gainetik kultura eta euskara elkarrekin ospatzera. Bide horretan antolatzen segitzeko deia luzatu zuen Basaizea elkarteak eta etxebizitzen garestitzean egin zuen azpimarra, euskarak etxe bizigarri bat behar baitu.
Egilea
Maddi Txintxurreta
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Baigorri
Mota
Albistea
Data
2023/05/01
Lotura
Naiz

 Lehenengo orrialdean, Beasaingo Aurtzaka dantza-taldea. Lerro hauen ondoan, Irurtzungo Orritz-Iskidi (ar)taldeko pertsonaia.

Lehenengo orrialdean, Beasaingo Aurtzaka dantza-taldea. Lerro hauen ondoan, Irurtzungo Orritz-Iskidi (ar)taldeko pertsonaia. (Patxi BELTZAIZ)

Hizkuntza beraren mintzaera desberdinek eragindako traba txikiak ere badira zubi hango, horko eta hemengo nafarrak lotzeko eta, beraz, «huntsa» nahiz «ongi» ulertu zuen atzo Baigorrin ospatu zen Nafarroaren Egunean elkartu zen jendetzak; denak, Basaizea elkarteak 40 urte baino gehiagoz euskara eta euskal kultura bizi daitezen apiril amaiera epel-hezeetan sortzen duen plazan.

Lasai hasi zuen eguna Baigorrik. Goiztiarrenak patxadaz ibili ziren elizako plazan jarritako merkatuan, postutik postura, baina lehenik tantaka eta gero saldoka hasi zen jendea plazaratzen. 

Askok destatu zioten begirada Behereko plazan eskegita zegoen pankartari, non Erramun Martikorenaren irudiak erregu egiten zien bertaratutakoei euskaraz mintza zitezen, daitezen: «EEOA». Bestalde, herriko hainbat espaziotan jarritako pankartek argi adierazi zuten Baigorrin ez zela erasorik onartuko, iazkoa gerta ez zedin, ordukoan emazte batek salatutako erasoak festa ilundu baitzuen.

Hamaiketan hastekoa zen desfilean parte hartzekoak ziren pertsonaia xelebreenei begira jarri ziren haurrak. «Han Tartalo! Akerbeltz ikusi dut! Eta han sorgina!». Zirrara handien, ziurrenik, herensuge motorizatuak eragin zien umeei, nahiz eta batzuek nahiago izan zuten gurasoen magalera babestu, buruhandi eta basaldunengandik ihesi. «Aita, buruhandi gehiagorik ez!» aldarrikatu zuen batek.

Bateko zein bestekoek Baigorrira joateko izan zituzten arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina seguru gehienek bat egiten dutela 16 urteko neska kuadrilla batek esandakoarekin. «Gu zertara? Festa egitera!» Hainbat lekutatik etorrita egin zuen topo kuadrilla horrek Baigorrin: Zugarramurdi, Sara, Senpere eta Hendaiatik heldu ziren.

Eta batzuek festa egin zezaten, besteek lanean aritu behar. Janarien txosnan zegoen Maite, artean giroa lasaia zela. Larzabalgo Manex Erdozaintzi kolegioko lankideekin aritu zen barraren atzean. Kontatu zuen «aspalditik» etortzen dela Nafarroaren Egunera, «beti lanera», eta 2023ko edizio honetan ere ez du kale egin. «Biziki giro ona egoten da, Nafarroako jendeen elkartzea egiten da hemen».

Behereko plazan desfilea hastearekin jantzi zen, igande batez, Nafarroaren erdigunea hartu zuen herria kolorez. Jende-saldoa kalearen bi bazterretan txaloka zela, Gaineko plazara egin zuten eguneko protagonistek: basaldun ilunak, Anhauzeko makilari gazteak, txarangak, ziganteen kuadrillak -Lekunberrikoak Iruñeko Alde Zaharrekoak eta Baigorrikoak-, Irurtzungo, Leitzako nahiz Beasaingo dantzariak, gaiteroak, trikitilariak...

Atzerapenarekin, baina, azkenean, iritsi zen desfilea frontoira, eta euskal dantzak eta musika ikusi eta entzutera batu zen jendea dozenaka artistaren bueltan. Herritarrak makilari-malabaristekin harritu -eta badaezpada eskuak burura eraman- eta ezpata-dantzarekin hunkitu ziren eta erraldoien birekin gozatu zuten. 

SARETZEKO ETA SEGITZEKO GOGOAREN GARRA

1979tik orain arte -pandemiak eragindako etenak salbu- Nafarroaren Egunak hartzen du Nafarroa Behereko herria apirilaren azken igandean, urtez urte erakutsiz mugak fikzio politikoaz besteko indarrik ez duela. Basaizea elkarteak hartu du bere gain ekimenaren antolaketa hasieratik gaurdaino eta edizio guztietan ekitaldi batekin ematen dio aldarrikapen moldea jaiari; hala egin zuen atzokoan ere.

”Aitzina goaz” leloa jarri dio Basaizeak Nafarroaren Egunari, Euskal Herria bere bidea egiten ari dela erakustea baitu helburu egun berezi honek. Eta hala adierazi zieten antolatzaileek «mapa baten gainean marra bat inposatzen» duten horiei: «Gaur, Baigorriko plaza honetan elkarretaratu garen guztiak harremantzen ari gara euskaraz, euskarari zein kultura amankomunari esker. Elkar saretzeko gogoak inoiz baino indar handiagoa dauka».

Alta, atzo Baigorrin elkartu zirenak konbentzimenduz aitzina doazen arren, ardura erakutsi zuen Basaizeak azkenaldian euskarak jaso dituen erasoen inguruan. Horregatik, «hizkuntza politika ahulen parean zein euskalgintzaren baldintza ekonomiko txarraren aitzinean», antolatzeko deia luzatu zuen. «Borroka gaitezen egunero gure hizkuntza espazio publikora eta ahal bezainbat esparrutara zabaltzeko», nabarmendu zuen.

Nola zabaldu euskara? Bada, «erabilera handiagoaren aldeko apustua eginez, azterketetan euskararen presentzia bermatuz eta, azkenik, euskaraz bizi gaitezen baldintza duinak sortuz», proposatu zuen Basaizeak.

«Martxan den herri bati gorputza eta hatsa emateko gogoz, onar dezagun dugun aniztasuna, gure arteko desberdintasunean eta gorrotoak inposatutako politika gupidagabeetan sinetsi beharrean. Mugaz gaindiko sorkuntza kulturala saretu eta susta dezagun. Kultura loratzen segi dadila, kultura hizkuntzarik gabe ez baita kultura, eta herria hizkuntzarik gabe ez baita herria», agertu zuten elkarteko kideek.

Euskarak bizi behar duen herriak, baina, bizigarri behar du izan eta, horretatik, etxebizitzen garestitzean ere egin zuen azpimarra Basaizeak. «Hizkuntza eta kulturaz gain, aldarrika dezagun herrian bizitzeko eskubidea ere, urratua baitzaigu. Etxebizitzaren espekulazio gero eta handiagoarekin batera, gero eta zailagoa zaigu herrian bizitzea, herri batzuetan kasik ezinezkoa delarik», ohartarazi zuten. Hala, «merkatuaren arau krudelek eta folklorizatze basatiak» eragiten dutenaren kontra, bestelako Euskal Herri bat, Euskal Herri bizigarri bat, sortzeko aldarrikapena zabaldu zuen elkarte euskaltzaleak.

Mugaz gaindi euskararen eta euskal kulturaren alde saretzeko gogoaren garra nabaria izan zen atzo, berriz ere, Baigorrin. «Gaurkoan ere, seguru gaude egun hau balia dezakegula oztopoak eta zailtasunak gainditzeaz gain, ereiten eta joritzen dugun kulturari bultzada handia emateko. Aurten ere, bizirik iraun nahi duen herriari erakuts diezaiogun gai garela herrian eta herritik antolatzeko eta gure lehentasunak erabakitzeko», borobildu zuten Nafarroaren Eguneko antolatzaileek, eta inguruan zen jende-saldoak «gora Nafarroa!» ozen batekin erantzun.

Fernando Aire Etxart “Xalbador” zenaren hitzek, frontoian jarritako pankarta batean ikusgai, ondo laburbiltzen dute Baigorriko festa handi honen arima: «Goi ta beherik ez da enetzat/ Naparro bat da bakarra».

Dokumentuaren akzioak