Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nacho Duatoren "Txalaparta" koreografia estreinatuko dute bihar Madrilen Espainiako Dantza Konpainiako kideek

Dokumentuaren akzioak

Nacho Duatoren "Txalaparta" koreografia estreinatuko dute bihar Madrilen Espainiako Dantza Konpainiako kideek

"Quercus endorphina" diskoaren sei kantu eta Kepa Junkeraren argitaratu gabeko pieza bat erabiliko ditu

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
DONOSTIA
Mota
Erreportajea
Data
2001/05/17

´Dantza, egurra, metala eta harria uztarturik, barruan ezkutuan gorderik ditugun doinu eta mugimenduak agerraraziko dizkigute koreografia honen bidezª, dio Kepa Junkerak Txalaparta dantza ikuskizunaren ekarpenari buruz. Hain zuzen, Junkerak ekoitzi du Quercus endorphina txalaparta diskoa.



Teatro Realen euskaraz



Txalaparta disko horretako sei kantu eta Kepa Junkeraren argitaratu gabeko kantu bat erabili ditu Duatok koreografia egiteko. Junkeraren iritziz, txalapartaren doinu minimalista eta xumeagatik aukeratu du Duatok musika mota horrekin lana egitea.



´Inon argitaratu ez dudan Izail izeneko kantuarekin hasiko da koreografiaª, azaldu dio Egunkariari Bilboko musikariak. Koreografiako beste bost kanta berak konposaturikoak dira, txalaparta diskoan ageri diren ondoko hauek: Keinuka ilargiari, Okabe & Landarbaso, Uluka, Ortzimuga eta Saustatik Erbetegira. Kantu horietan Oreka TX taldeko Arkaitz Martinez eta Igor Otxoa txalapartariek jotzen dute txalaparta, baita Adabegian ere, eurak konposaturiko lanean. Azken kantu hau ere erabiliko dute bihar estreinatuko den ikuskizunean.



Junkerak jakitera eman digunez, Espainiako Dantza Konpainiako hamalau dantzarik emanaldi orijinala eskainiko dute; dantza emanaldiarekin batera euskaraz abestuko baitute: ´Mikel Laboak abesten duen Saustatik erbetegira kantua abestu egingo dute dantzariekª. Kantu honekin emango diote amaiera Txalaparta koreografiari.



´Euskal musika normalizatzeko balioko du'



Junkerarentzat ´sinbolikoaª izango da Madrilgo Teatro Realen txalapartarekin dantza egitea: ´Mugak gainditu eta euskal musika normalizatzen laguntzeko balioko du honek; gure musika entzun daitekeela erakutsiko duª. Antzeko proiektuei bidea irekiko diela iruditzen zaio.



´Halako maila ona duen dantzari batek gure musika aukeratzea pozgarria da oso. Gainera, musikaren munduan dabilen jende askorekin du harremanaª, adierazi digu Oreka Tx-eko Arkaitz Martinezek. Diskoa atera eta segituan halako proiektu bat egitea nahita ere ezingo zutela lortu diote.



Txalapartariek ez dute ikusi koreografia, datorren astean ikusiko dute, bweraiek diskoa Madrilen aurkeztu ondoren. Junkera, berriz, estreinaldian izango da.



NACHO DUATO • KOREOGRAFOA



´Txalapartari egiten diodan omenaldi bat daª



A. O./DONOSTIA



Lanpeturik dabil Nacho Duato, ostiralean Espainiako Dantza Konpainiak hiru obra eskainiko baititu Madrilgo Teatro Realen, bere zuzendaritzapean. Txalaparta da horietako bat, eta entsegua hasi aurretik erantzun ditu Egunkariaren galderak.



´Miguel Boseren etxean entzun nituen txalaparta nagusi zen kantuak lehenengo aldiz [Quercus endorphina diskokoak], eta ikaragarri gustatu zitzaizkidanª, azaldu digu Espainiako Dantza Konpainiako zuzendariak. Musika horrekin koreografia bat egin zezakeela pentsatu omen zuen segituan, ´txalaparta doinuarekin dantza mugimenduak sortzea, alajainaª.



Kepa Junkerari bere asmoen berri eman eta Quercus endorphinako sei kanturekin eta Junkeraren beste batekin osatu du koreografia berri hau.



Diskoarekin entseatu dute hilabeteotan koreografian parte hartzen duten 14 dantzariek: ´Txalapartariek ezin izan dute entseguetan izan, bat-batean egiten baitute musika, eta nik beti musika bera behar nuen koreografiaren estruktura gordetzekoª. Duatok ez duela dantzarik egingo zehaztu digu.



Jaffar Chalabik egin du Txalaparta koreografiaren eszenografia, eta musika tresna honi eman dio protagonismoa. Izan ere, txalaparta handi batek beteko du oholtza. ´Dantzariek txalapartaren egurren artean egingo dute dantza; nolabait esatearren, bizia emango diote txalapartariª.



Koreografia hau txalaparta berari eta txalapartaren doinuari egiten dion omenaldi bat da, ´ez du bestelako helbururikª.

Dokumentuaren akzioak