Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nacho Duatoren konpainiak dantzatuko du Kursaalean

Dokumentuaren akzioak

Nacho Duatoren konpainiak dantzatuko du Kursaalean

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Albistea
Data
2001/12/18

Eskaintza bariatuaz gozatzeko aukera izango du Kursaalerako sarrera eskuratu duenak —agortu egin dira—. Emanaldiaren lehen atalean jada agertokian hamaika aldiz erakutsi duten koreografia ezagunaz gozatzeko aukera egongo da. Joan den urteko maiatzean estreinatu zuen konpainiak Madrilen Arcangelo Duatoren lana, eta arrakasta izan du erakutsi izan duen bakoitzean. Paradisuari eta infernuari buruzko gogoeta dakar valentziarrak, eta horretarako Arcangelo Corelli musikagilearen Concerto Grossi erabiltzen du oinarrian, Scarlattiren Il Primo Omicidio ariarekin amaituz ikuskizuna. Musika barrokoa erabiliz, doinuekin batera doazen mugimendu garbi eta sinpleak nagusitzen dira. Corelliren pasarte mantso eta adagioak nahierara ordenatuak eskaintzen ditu Duatok.



Jacopo Godaniren Cult Race obra izango da bigarren eskaintza, mugimendu askoz bortitzagoak eta garaikideagoak ikusteko aukera emango duena. Propio lanarentzat konposatutako Diego Dall’Ostoren musika du oinarrian. Godaniren estiloa aspaldian ezagutzen du Duatok, eta baita erabili ere. Franfurteko Konpainiako dantzari zenak lan asko egin du Duatorekin dantzari eta baita koreografo gisara ere. Joan den hilaren 16an estreinatu zuen Espainiako dantza Konpainiak Cult Race Madrilgo Zarzuelan, eta dantzarientzat nahikoa emanaldi berria da oraindik ere.



Nacho Duato eta Karl Jenkins bat eginik



Azken ikuskizuna ere egun horretan bertan estreinatu zuten dantzariek, Cult Race-k izandakoa baino arrakasta handiagoarekin. Nacho Duatoren White Darkness —dantza garaikidearen ildotik hori ere— Karl Jenkinsen musikan dago oinarritua. Adiemus Variations Jenkinsen musikan norabide aldaketa izan zen. Jazz musikatik aldegin gabe Europako erritmo eta doinu etnikoekin esperimentazioa da, korda, ahots eta perkusioarekin ezin aproposagoa bilakatuz dantzarako.

Dokumentuaren akzioak