Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mutxikoak Biarritzen bultzatzeko ekimena abian

Dokumentuaren akzioak

Mutxikoak Biarritzen bultzatzeko ekimena abian

Hilaren lehen igandero hitzordua finkatua da Kasinoaren aurrean

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2001/11/04

Angelu edo Bidarte herrietan jadanik egina izan den bezala, mutxikoak Biarritzen herrikoitzeko helburuarekin, Oldarra, Amalabak eta Olaeta Biarrizko dantza elkarteek dantza honen inguruko ekimen nagusi bat bultzatzea erabaki dute. Hain zuzen ere, hilaren lehen igandero, mutxikoa dantzatzen dakitenek eta gustukoa dutenek aukera ukanen dute Biarrizko Kasinoaren aitzinean finkatua den hitzorduan parte hartzeko. «Lehen emanaldia igande honetan Biarrizko Kasinoaren zabaldian eginen da goizeko hamaikak eta erdietan», erran zuten ekimena antolatu duten elkarteetako kideek.



Hau dela eta, Pierre Bettelu dantzariak 1970ean mutxikoak berreskuratu aitzin dantza mota hauek Lapurdi guztian galdu zirela gogora ekarri zuten. «Mutxikoak ainitz dantzatzen ziren Biarritzen. Hala eta guztiz ere, denborarekin galdu egin ziren. Azken urte hauetan Maitaldia garaian berriz ere herrikoitzen saiatu badira ere, orain arte ez zen hitzordu finkorik antolatu inon. Horretaz gain, emanaldi hau laguntzeko herriko Armoniaren parte hartzea izanen dugu», erran zuen Pierre Espilondo Oldarrak elkarteko kideak.



Jendeen arteko harreman gune bilakatzea nahi dute ekitaldia. Mutxikoak dantzatzeaz gain, bertaratuko diren dantzariek fandango, arin-arin, larrain dantza eta beste horrelako dantzak egiten ahalko dituzte. «Euria bada emanaldia Gare du Midi aretoan eginen da», erran zuten.

Dokumentuaren akzioak