Dokumentuaren akzioak
Mutildantzetan emakumea baztertzearen kontra azaldu da Baztango Batzar nagusia
Udalaren osoko bilkurak, aldiz, salaketa hori errefusatu zuen joan den asteko batzarrean
Mozioan azaltzen zuten Baztango herrietako bestetan jotzen den mutildantza ofizialetan emakumeen parte hartzea bermatua zegoela eta bazterketa desagertua zela, mutildantzak dantzatzen diren herri guztietan parekideak dantzatzen direla eta zuzeneko erasoak desagertu direla. Dena den, Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan «bazterketa gauzatu ahal izateko gizon talde bat elizaren babesean gotortu» eta «plazan dantzatzen ari diren tenore berean, boikot eginez, beren emanaldi baztertzailea gauzatzen» dutela gaitzetsi zuten.
Ondotik, Batzar Nagusiko kideei zuzendu zitzaizkien, «zuek ere zuen adierazpenetan errespetuan eta berdintasunean oinarritutako Baztan bat nahi duzuela erraten duzuelakoz» eta bi eskaera zehatz zituen mozioak: batetik, «publikoki salatzea Elizondoko elizaren eremuan ematen den emakumeekiko bazterketa» eta bertzetik «ekintza hori egiten duten gizonei egiteari uztea zuzenean eskatzea».
Baztango Ezkerrak, 2015ean Baztango Mutil-dantzari taldeak Elizondoko herritik jasotako testu bat aurkeztu zuen, zeinean azaltzen zen nola talde honi eskatu zitzaion beren mutildantza orduz aldatzea eta dantzariei, plazan, mutildantza parekidean dantzatzeko gonbidapena luzatu bidenabar, normaltasuna berrezartzeko bidean. Hori bete zutela eta orain salaketa egitea eskatzea gehiegikeria zela azaldu zuten. Azkenik, mozioa onartu zuen Batzar Nagusiak, aldeko 13 bozkarekin, kontrako 6 bozkarekin eta 7 abstentziorekin.
Udalak ez zuen mozioa onartu
Mozio bera joan den asteko Udaleko Osoko Bilkuran ere aurkeztu zuten, eta orduan bertzelakoa izan zen emaitza. Mozioa ez zen onartu, izan ere, kontrako 5 bozka izan ziren (Geroa Bai, Baztango Ezkerra eta Baztan Auzolanean), aldeko 3 (EHBildu) eta 4 abstentzio (UPN).
Dokumentuaren akzioak