Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mutildantzaren inguruan udal hautagaien jarrera arduragabea salatu du Plazara Dantzara Herri Ekimenak

Dokumentuaren akzioak

Mutildantzaren inguruan udal hautagaien jarrera arduragabea salatu du Plazara Dantzara Herri Ekimenak

Hipokrita iruditzen zaio Nafarroan emakumeen eskubideen alde agertzea eta, aldi berean, Baztango plazetako erasotzaileak babestea

Maiatzaren 24rako hauteskunde kanpaina dela eta, Baztango Udalera aurkeztutako alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak beren programen zehaztasunak publikoki azaltzen ari dira. Gai desberdinen inguruko iritziak eman dituzte, horien artean alderdi bakoitzak Mutildantza zein emakume eta gizonen arteko berdintasunean inguruan dituzten posturak ere.
Egilea
Ttipi-Ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Baztan
Mota
Albistea
Data
2015/05/21
Lotura
Erran

Hauek aztertu eta aditu ondoren Plazara Dantzara Herri Ekimenaren ustez, «bereziki kezkagarria eta arduragabea izan da UPN, Geroa Bai zein Baztango Ezkerrak erakutsitako postura. Batzuk gaiari garrantzia kenduz, bertze batzuk erasotzaileak eta erasotuak maila berean jarriz, eta azkenik, erasotzailea biktima gisa irudikatu arte».

Mutildantzen auzia Baztanen eta Euskal Herrian oro har, «emakumeok jasaten dugun indarkeria estrukturalaren sintoma nabarmena» dela uste du Herri Ekimenak: «Emakumeok edozein eremu publikotan libreki dantzatu nahi izatea eta egin ahal izatea oinarrizko eskubidea da. Eskubide hori aitortu nahi ez duen eta galarazi nahi duten guztiek, eskubide urraketen alde egiten dute».

Plazara Dantzarak dioenez, «hipokrita eta arduragabea da Nafarroa mailan emakumeon eskubideen alde aho betez aritzea, gero Baztanen urtero herriko plaza ezberdinetan jasan diren indarkeria zein erasoetan erasotzaileak babestu behar baldin badira».

Hau defenditzeko erabilitako argumentuakhauek dira: tradizioa (UPN), errespetatu behar dira diskriminatu nahi dutenak ere, eta ez dugu bronkarik montatu behar (Geroa Bai), sentsibilitate guztiak errespetatu behar ditugu, diskriminatzaileak barne, eta gero emakumeak dantzatzen duten herrietan plazatik alde egiten dugu (Baztango Ezkerra).

Argumentu hauekin, Herri Ekimenaren arabera, «nabarmen ageri da alderdi politiko hauek beren erranetan modu ezkutuan diskriminazioari eta indarkeria sexistari babesa eman nahi diotela diskurtso atzerakoi eta populista erabiliz. Tradizioa, batzuen sentimenduak eta boterearen gosea emakumeon eskubideen gainetik jarriz. Argi utzi nahi dugu edozein dela motibazioa edo aitzakia, emakumeok eremu publikoetan diskriminatzea ez dela eskubide bat. Emakumeok plaza eta eremu publiko guztietan egoteko, adierazteko, eta dantzatzeko eskubidea dugu momentu eta egoera guztietan, gustatu ala ez».

Honengatik garrantzitsua iruditzen zaio Plazara Dantzara Herri Ekimenari baztandar eta nafar guztiak jakitea Nafarroako Parlamentura zein hainbat herrietako alkatetzatara aurkezten diren alderdi hauek duten jarrera kasu honetan. «Nola akituko dugu emakumeen aurkako indarkeriarekin herri honetan, egunerokoan emakumeak eremu publikoetan iraintzen eta baztertzen diren bitartean? Nola defenditu daiteke diskriminazioa “aukera” bezala eta emakume bat erailtzen denean pankartaren gibelean jarri?» galdegiten dute.

Hauteskunde hauetatik ateratzen diren ordezkari guztiei jakinarazi nahi diete jarraituko dutela dantzan, «Euskal Herriko plaza guztiak parekideak eta askeak izan arte!».

Plazara Dantzara Herri Ekimenari kezkagarria eta arduragabea iruditu zaio zenbait udal talderen postiura.

Dokumentuaren akzioak