Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musikaz eta dantzaz jantzita datoz Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak

Dokumentuaren akzioak

Musikaz eta dantzaz jantzita datoz Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak

Zapatuan hasiko dira ia hilabete iraungo duten antzerki topaketak, Imanol Elias antzerkigile eta historialariak idatzitako Matxinada obraren estreinaldiarekin. Hori ez da izango Azpeitian estreinatuko den antzezlan bakarra. Gainera, haurrei zein helduei zuzendutako denetariko obrak izango dira ikusgai eta ez da musikarik nahiz dantzarik faltako. Izan ere, bi elementu horien presentzia nabarmena izango da ia obra guztietan. Aurten, aurrenekoz, sormena hauspotzeko xedearekin Sormen Astea antolatu dute. Topaketen barruan, beste urte batez, Antzerki Alternatiboaren Zikloa iritsiko da Gaztetxera.
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Albistea
Data
2018/10/24
Lotura
Urola Kostako Hitza

Udazkenarekin batera, antzerkiak hartuko du Azpeitia datozen asteetan. Dagoeneko ate joka dira XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak, eta lehen hitzorduaren atarian, aurtengo edizioaren xehetasun guztiak azaldu dituzte gaur, Azpeitiko Udaleko, Kulturaz kooperatibako eta topaketetan izango diren aktoreek. Luze eta zabal eman dute datozen asteetan herrira iritsiko diren obren berri. Estreinaldiak, herrian bertan ondutakoak, musika, dantza zein antzerkia uztartzen dituzten obrak, haurrei eta gaztetxoei nahiz helduei zuzendutakoak, umore beltzez bustitakoak nahiz sakontasun puntua duten antzezlanak, koloretsuak nahiz ilunak… izango dira aurtengo topaketetan. Besteak beste, honako obra hauek izango dira ikusgai: Zestoako antzerki eskolaren ElurMartin Zalakain, 7ak bat, Txarriboda, Lur, Agur eta Dolore, Dublindarrak eta Oxido. Halaber, Corrado Masacciren txontxongiloak beste urte batez Azpeitira iritsiko dira, soken mugimenduarekin herritarrak txundituta uzteko prest. Azpeitiko bizilagunak arduratuko dira aurtengo topaketen teloia zabaltzeaz.

Herritarrak protagonista

Zapatuan, urriaren 27an, hasiko dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketak. Soreasu antzokira iritsiko den aurreneko emanaldia, Imanol Elias historialariak idatzitako Matxinada obra izango da. Antzerkia ez ezik, musikatik eta dantzatik edaten duen lana da hori. Dozenaka herritarren lanari esker ondu dute zapatuan estreinatuko duten ikuskizun musikatua. Matxinada obrak 1766. urtean Azpeitian eta Azkoitian gertatutako altxamendua kontatzen du, jauntxoek gariaren prezioa igo eta herritarrak matxinatu zirenekoa, hain zuzen. Historialariak gidoiaren obra idatzi bazuen ere, ez zuen hura oholtza gainera eramaterik lortu, horrek diru asko eskatuko zuela iritzita. Elias 2013an zendu zen, eta Matxinadaren ikuskizuna gorpuztuta ikusi ezin izanaren “pena” eraman zuen berarekin. Horrela kontatu du Eliasen alarguna den Itziar Oiarzabalek. Hark kontatu duenez, Azpeitiko Kultur Mahaiak Matxinada antzezlanari bizia emateko egindako lana azpimarragarria da: “Kultur Mahaiko kideengatik izan ez balitz, hau ez zen posible izango”. Emozioz betetzen zaizkio Oiarzabali senarra zenaren obraren inguruan hitz egitean, eta estreinaldia ate joka den honetan, “hunkituta” dagoela aitortu du: “Imanol zoriontsu egongo zen Matxinada oholtzan ikusiko balu, eta horregatik, horren jakitun naizelako, hare zoriontsuagoa naiz ni. Oraindik ezin dut sinetsi hau egia denik”.

http://urolakosta.hitza.eus/files/2018/10/Antzerki_topaketak_ona_content.jpg

Azpeitiko Udaleko, Kulturaz kooperatibako eta topaketetan izango diren aktoreek aurkeztu dute aurtengo egitaraua. (Maialen Etxaniz)

Unai Frantzesenak prestatu ditu ikuskizunaren doinuak eta Alaitz Olaizolak egokitu du gidoia. Horrela kontatu du Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko teknikariak. Frantzesenaren eta Olaizolaren lanari ez ezik, aktore lanetarako lotu duten jendeari egin dio aipamena Gantzarainek. Izan ere, “herri antzerkia” izango da zapatukoa, herriko talde eta norbanakoek antzeztua, hain zuzen. Oholtzara igoko dira, besteak beste, Olatz Prat, Felipe Murillo, Itziar Oiarzabal, Luis Mari Galdos, Jon Gurrutxaga, Ignacio Arakistain, Jaime Amenabar, Josetxo Brey, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria, Iban Amenabar, Iñaki Odriozola, Gaizka Larrañaga eta Iñigo Antsorregi. Horiez gain, Azketa ahots taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Itsasi dantza taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak ere parte hartuko dute emanaldian. Orotara, 100 lagun inguru izango dira oholtzan. Frantzesenak azaldu du “lan asko” dagoela zapatuko ikuskizunaren atzean, ordu asko eman baitituzte antzezlana fintzen. “Entretenigarria” gelditu dela aitortu du Frantzesenak, eta kunbia doinuak entzuteko parada izango dela aurreratu du.

Sormen Astea, sortzaileak esnatzeko

Aurtengo antzerki topaketetan bada berrikuntza bat: Sormen Astea. Kulturaz kooperatibako kideek sustatu dute egitasmoa, eta azaroaren 5etik 9ra izango da. Alde batetik, bi mikroantzerki eskainiko dituzte egun horietan. Bestetik, Tartean dauden gorputzak izenburudun ikastaroa eskainiko dute Oier Guillanek eta Jabier Barandiaranek. Guztira, 12 ordu izango ditu ikastaroak, eta horretarako aurrez izena ematea ezinbestekoa da, abengoetxea@kulturaz.eus helbidera idatzita. Norberak idatzitako testu laburretatik eta material autobiografikoetatik abiatuta, irudi fisiko poetikoen sorkuntza praktikatuko dute bertan parte hartzen duten lagunek. Horretarako, performanceari loturiko imaginarioa, idazketa kolektiboa eta poesia bisualaren elementuak erabiliko dituzte ikastarora animatzen direnek, aktore- sortzailearen baliabideetan sakontzea xede. Horrela dio tailerraren sinopsiak: “Gorputza eta buruaren artean, definizioaren eta indefinizioaren artean, profesionala eta amateurraren artean, kalitatearen eta probokazioaren artean, egiaren eta fikzioaren artean, eszenatokiaren eta publikoaren artean, aktorearen eta pertsonaiaren artean, pertsonaiaren eta pertsonaren artean, teatroa dena eta ez denaren artean dagoena ere bada teatroa”.

Mikroantzerkiei dagokionez, bi obra izango dira ikusgai. Horiek Soreasutik kanpo ikusi ahal izango dira. Azaroaren 8an, Maita(k)ale borroka antzezlana eskainiko dute 20:00etan hasita, plazan. Azaroaren 9an, berriz, Kronopia antzerkia emango dute 21:00etatik aurrera Sanagustin kulturgunean.

Azaroaren 9an, aldiz, Kulturaz Antzerki Sormen Egonaldien 2019ko deialdia irekiko da. Aurkezpena 12:00etan izango da Sanagustinen. Joan zen urtean hasi ziren aurrenekoz sormen egonaldiak egiten Soreasu antzokian, Kulturaz kooperatibaren ekimenez. Bertan ondu diren hiru obra izango dira ikusgai aurtengo antzerki topaketetan: 7ak bat, Txarriborda eta Inondik inora. Azken obra hori, gainera, Zubi proiektutik jaiotakoa da. Iaz batu zen Kulturaz Zubi proiektura. Zubi euskal antzerki sortzaile berriei bultzada emateko sortu zen ekimena da, eta bertako kideek hautatua den proiektuari babesa emateko hartzen duten konpromisoa du oinarri.

Antzerki Alternatiboa, Gaztetxean

Soreasuko eta Sanagustingo oholtzez gain, badira beste estenatoki batzuk herrian, eta horietako bat da Gaztetxekoa. Hori probestuta, Antzerki Alternatiboaren Zikloa antolatzen dute bertan. Urteetan zehar Erika Olaizola eta Ane Arenas aktoreak izan dira gaztetxeko lagunekin batera hitzorduaren ardura hartu dutenak, eta aurten ere horrela egin dute. Haientzat “kuttuna” da Gaztetxeko zikloa, Olaizolak ez du gogoan zikloaren zenbatgarren urtea den aurtengoa, baina “betiko ildotik” joango dela aurreratu du.

Iaz, bi eguten antzerki bana ikusteko aukera izan zen Gaztetxean. Aurten, aldiz, bi antzerki izango dira ikusgai egun bakarrean, azaroaren 22an, hain zuzen. 21:30ean hasita, Atx teatroaren Tomiris antzezlana eta Kamikaz kolektiboaren Agur eta dolore obra izango dira ikusgai Gaztetxean. Amancay Gaztañagak zuzendutako obra da hori, eta Miren Gaztañagak eta Iraia Eliasek antzezten dute. Kamikaz kolektiboko kide da Erika Olaizola ere.

Antzezlanen aurretik, 20:00etan hasita, Gaztetxeko lagunek prestatutako luntx begetarianoa izango da bertaratzen diren guztientzat.

Soka eten ez dadin

Gaurko agerraldian izan diren guztiek azpimarratu dute Azpeitian dagoen antzerkirako zein sormenerako zaletasuna, eta, bidez batez, kultur arlotik jasotako babesa nabarmendu dute. Josu Labaka Kultur batzordeburuak azaldu duenez, urte osoan zehar egindako lanak emaitzak eman ditu, eta horien artean sartu ditu sormen egonaldiak. Topaketak antolatzeko diru-laguntzak jasotzeko dituzten zailtasunak medio, egitaraua osatzeko “nahikoa lan” izan dutela azaldu du Labakak, “ahalegin ekonomikoa” egin baitute “kalitatezko jardunaldiak” eskaintzeko. Herritarrei zuzendutako eskaintza ez ezik, aktoreei “plaza duin bat” ematea ere Udalaren helburu dela esan du Kultur bartzordeburuak.

Antzerkira estu lotuta dagoen pertsona da Xanti Agirrezabala gazte azpeitiarra, eta hura ere egon da gaurko agerraldian. Dantzerti antzerki eskolako lehen promozioko ikaslea da Arrizabalaga, eta haurra zenetik dabil antzerkiaren munduan igerian. Zeharkaldi horretan, iaz herriko antzerki topaketak barrutik ezagutzeko aukera izan zuen, eta esperientzia hura gogoan, aurten eserlekutik biziko ditu Euskal Antzerki Topaketak aktore azpeitiarrak. Hark, Kulturaz kooperatibak urte osoan zehar kulturaren alde egindako lana azpimarratu du. Halaber, Azpeitia antzerkiaren munduan “erreferente eta eredu” dela adierazi du Arrizabalagak, eta bide horretan, kultur mugimendua herritarrak antzerkiaren bueltan “hezten” ari dela aipatu du. Horregatik, “antzerkiaren soka eten ez dadin” lanean jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du Arrizabalagak.

Sarrerak eta prezioak

Antzerki topaketetako obrak ikusteko sarrerak bihar jarriko dituzte salgai Interneten. Udalaren webgunean izango dira eskuragarri. Helduek bost euro ordaindu beharko dute antzerkiko. Haurrek eta Gaztetxoek, aldiz, hiru euro.

XXXVI. Euskal Antzerki Topaketen Egitaraua osorik, hemen: 

antzerkia_2018

Dokumentuaren akzioak