Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musikaren, dantzaren eta zirkuaren lagintxo txikiak

Dokumentuaren akzioak

Musikaren, dantzaren eta zirkuaren lagintxo txikiak

Harria jaialdia egingo dute asteburuan Hendaian, seigarrenez. Borderline Fabrikako artistek eta kanpotik joandakoek ikuskizunez beteriko hiru egun eskainiko dituzte.
Egilea
Urko Iridoy Alzelai
Komunikabidea
Berria
Tokia
Hendaia
Mota
Albistea
Data
2024/10/10
Lotura
Berria
Iazko Harria jaialdiko argazki bat. BORDERLINE FABRIKA
Iazko Harria jaialdiko argazki bat. BORDERLINE FABRIKA

Entsegu batekin hasiko dute jaialdia. Odei Barroso eta Ander Fernandez musikariek sortutako Quartier magnific abestiaren bideoklipa egitea dute helburu. Garro: «Borderline Fabrika tren geltokiaren ondoan dago, eta hemen dugun auzoarekin harreman oso estua dugu. Horregatik, Odeik eta Anderrek auzoari buruzko abesti bat sortu dute, eta jaialdian bideoklipa egiteko asmoa dugu». Gaur 19:00etan elkartuko dira Fabrikan, eta bideokliparen entsegu irekia egingo dute. Auzoko jendeak parte hartzea da haien asmoa, eta bertako dendetan grabatu nahi dute. «Frantziako batzorde nazional bat etorriko da gure auzora, hari bikaintasunaren titulua ematera. Hori izango da bideokliparen oinarria». 

Bihar egingo dute lehenengo ikuskizuna. 19:00etan, Marseillatik etorritako Hetrek Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia elkartzen dituen Avenida zubian zirku emanaldia eskainiko du. Hala deskribatu du Garrok lehen ikuskizuna: «Gaur egun puntakoa den zirku emanaldia da Hetrek egiten duena. Dantza bertikala eta kontorsioa ere egiten ditu, eta zirkua ikustera ohituta dagoen ororentzat asko disfrutatzeko momentua da, maila oso oneko artista baita. Zirkura ohituta ez dagoenarentzat ere bai, noski». Fabrikako kideak argi dauka Ipar Euskal Herrian zirkua ikusteko eta egiteko ohitura askoz handiagoa dagoela Hego Euskal Herrian baino. «Zirku sare hedatua dago Iparraldean, kalitate handikoa, eta guk muga inguruko jendeari hori bera erakutsi nahi diogu, disfruta dezaten».

Lehen eguna amaitzeko, musikak bereganatuko du Borderline Fabrikako oholtza. Bloñ taldea Bañolet filmeko kantuak biltzen dituen Bañolet kantuz diskoa aurkeztera joango da Hendaiara, eta ondoren, Gori Gori taldearen txanda izango da. Ander Fernandezek eta Ainara Gurrutxagak osatzen dute Gori Gori, eta klarinetea, sintetizadorea, xilofonoa eta ahotsa uztartzen dituen musika egiten dute. 

Gauza «arraroak»

«Nahiko frikiak gara, eta jaialdian gauza arraroak egitea oso gustuko dugu», aitortu du Garrok. Micro Circuit irrati estudio ibiltaria larunbatean iritsiko da Borderline Fabrikara. Bertan lau orduko irratsaio bat egingo dute. Irristatzeko pistan jarriko dira, eta bien bitartean, bertaratutakoek patinetan ibiltzeko aukera izango dute, irratsaioak giroa jartzen duen bitartean. Momentu berean, Etorbidea zubian, 16:30ean, Nunavut taldeak dantza ikuskizun bat emango du. Inuitak eta haien mundu ikuspegiak oinarri hartuta sortutako dantza bat interpretatuko du Nunavutek. 17:45ean, berriz, ostegunean entseatutako bideoklipa grabatuko dute.

Larunbat iluntzean, Cabaret Magnifique ikuskizuna emango dute, 21:00etan. Zirku eta dantza munduko zortzi artistak ikuskizun bat eskainiko dute. Ikuskizunaren nondik norakoak pare bat egun lehenago erabakiko dituzte, baina ez artistek, bertaratutakoek baizik. Artistek egunean bertan jakingo dute zein den emanaldiaren gaia, eta inprobisatu egin beharko dute. Cabaret Mangifique-aren ondoren, DJ Raniumek gaua girotuko du. Jaialdian zenbait gunez gozatzeko aukera egongo dela adierazi du Garrok: «Familientzako plana badago, eta, era berean, gazteek parranda pixka bat egiteko aukera izango dute».

Igandean amaituko da jaialdia. Jendea bertan bazkaltzera animatu nahi dute Fabrikako kideek, herri bazkari baten bidez. Bakoitzak bere janaria eramateko deialdia egin dute, denen artean partekatzeko. Bazkariak irauten duen bitartean, Micro Circuit irratsaioa abian egongo da, eta patinetan ibiltzeko aukera emango dute. «Guretzat, jaialdiaren arrakasta definitu gabeko kontzeptua da. Jendea joatea eta bertako programazioaz disfrutatzea nahi dugu; hori da guretzat urtez urteko arrakasta». Sarrera librea izango da asteburuan, hau da, bakoitzak nahi duen prezioa jarriko dio egitasmoari.

Dokumentuaren akzioak