Dokumentuaren akzioak
Musika, irudia eta dantza uztartzen dituen emanaldia
gasteiz. Gaur, 20:00etan, Artium museoan.
Ikuskizuna, museoetan eta arte galerietan egiteko prestatu du espreski dantzariak. Horretarako, Charles Atlas bideo artistarekin eta Carlos Miranda musikagilearekin lanean ibili da azken denboraldian.
Proiekzio sistema konplexu bati esker, irudiak eta dantzariak elkar eragiten dute emanaldian zehar. Gelaberten helburua, musika eta irudiak batzea izan da proiektuaren hasieratik. Proiekzioaren bidez, hainbat galderari erantzuten die dantzariak. Hala nola zer pentsatzen du dantzari batek dantza egitean, zer sentitzen duen, nola eszenaratzen ditu bere emozioak eta sentimentuak, baita zein harreman dagoen bere barne gogoetan eta ikusleak ikusten duen emaitzaren artean. Gaztetatik Gelabertek dantza egiteko zaletasuna izan du. Hainbat emanaldi egin zituen bakarrik bere hastapenetan. Ondoren, New Yorken ikasten aritu zen. Han ezagutu zuen Lydia Azzopardi dantzaria. Gero, dantza taldea sortu zuten.
Gelabert-Azzopardi dantza taldearen ibilaldi luzea eta arrakastatsua
1986an hasi zen Gelabert-Azzopardi dantza taldea emanaldiak eskaintzen. Lehen dantza Desfigurat izenburupean aurkeztu zuten Bartzelonako Lliure antzokian. Hurrengo ikuskizuna, Requiem izan zen, Guissepe Verdiren musikarekin osatzen zutena.
Urte horietan guztietan makina bat sari jaso du dantza taldeak. Kataluniako Dantza Sari Nazionala, Espainiako Dantza Sari Nazionala eta Max Saria, besteak beste. Hainbat urtetan ikuskizun ugari atera dituzte aurrera bi dantzariek. Dena dela, dantzari bakoitzak bakarkako lanak ere osatu ditu. Gelaberten lan esanguratsuenetako bat, Im Goldenen Schnitt I lana izan zen 1998an. 2003. urtean, berriz, Preludis lana aurkeztu zuen. Arrakasta ugari izan zuen, eta orain Glimpse dantza ikuskizunarekin berdin gertatzea espero du. Oraingoz, 2006ko Gizonezko antzezle onenaren Max saria jaso du bere lan bikainagatik. Bakoitzak sortzen duen estiloaren bultzatzaileetako bat da Gelabert. Horrek bere fruituak eman dizkio.
Dokumentuaren akzioak