Dokumentuaren akzioak
Musika eta dantzaren erraietan
Zortzi urterekin Donostiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleek zein instrumentu jo edo ze dantza mota ikasi nahi duten aukeratu behar izaten dute. Erabaki horren aurrean zalantzak argitzen laguntzeko, orientazio programa bat dauka eskolak. Horren bidez, instrumentu eta dantza espezialitate desberdinak ezagutu eta probatzen dituzte irakasleen laguntzaz.
Orientazio material pedagogiko hori osatzeko asmoz, Erabakita! izeneko proiektua aurkeztu zuten atzo Donostiako Pleno aretoan. Ekimen horren bidez, Eskolak eskaintzen dituen 31 espezialitate bakoitzaren ezaugarri nagusiak biltzen dituen bideoak aurkezten dituzte Youtuberen bidez.
Atzotik hasita eta otsailaren 7ra arte, egunean bideo bat estreinatuko da plataforman. 2018-19 eta 2019-20 ikasturteetan zehar euskaraz grabatutako bideo hauek, bost eta zortzi minutu arteko iraupena dute eta gaztelaniazko azpitituluak dituzte, irisgarritasuna bermatzeko.
Material hau eskolarako baliagarria izateaz gain, gainerako eskolentzat eta publiko zabalarentzat erabilgarria izatea nahi dute. Horretarako, Olatz Beobide an-tzerki zuzendari eta aktorea jarri dute proiektuaren buru. Gainera, erakargarriagoak izateko helburuarekin, bideo guztietan bi pertsonaia ageri dira: Oihana Maritorena aktorea eta Joxean Malvido bertako irakasle eta pailazoa.
IRAKASLEEN LAGUNTZA Bideo hauek egiteko prozesua luzea izan da eta ezinbestekotzat jo dute eskolako irakasleen partaidetza eta inplikazioa. Beraiek erabaki dute bideo bakoitzean zer eta nola kontatu bere instrumentu edo dantza espezialitateari buruz. Irakasleek ere aktore eta aurkezle paperak bete behar izan dituzte, musikari edo dantzari lanak egiteaz gain.
Bestalde, Ignacio Arrue kameralaria arduratu da irudiak graba-tzeaz eta horiei soinua jartzeko lanetan Eskolako langile diren Unai Moraza eta Nerea Ruiz de Azua aritu dira. Morazaren gidaritzapean egin dituzte zuzeneko soinu grabaketa guztiak eta estudioko audio edizioak.
Dokumentuaren akzioak