Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musika eta dantza tradizionalen hauspo garaikide argi eta bizia

Dokumentuaren akzioak

Musika eta dantza tradizionalen hauspo garaikide argi eta bizia

Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2011/01/23
Lotura
Gara

Korrontzik 2004an hasi zuen euskal folkarekin erabat lotuta dagoen ibilbidea. Mungiako lokal batean abiarazi zuten egitasmoa Agus Barandiaranek (trikitia) eta Mikel Romerok (mandolina, gitarra..). Biak izan ziren Korrontziren sustatzaile nagusiak eta biek eman zioten gaur egun taldeak duen izaeraren oinarria. Hau da, Euskal Herriko folk musika tradizionala eta tokian tokiko antzinako melodiak garaikidetasunez janztea, betiere trikitia oinarri hartuta. Orokorrean, hori da Korrontziren esentzia; euskal musika tradizionala gaur egungo teknika eta instrumentuekin lagundua.

2006an kaleratu zuen taldeak lehenengo lana («Korrontzi») Nubenegra zigilu madrildarrarekin, eta estreinako disko hura baliagarri izan zuten beren oinarria are gehiago sendotzeko; Malagako Eurofolk jaialdian Estatuko talderik onenaren saria jaso zuten, Navelgasko (Asturias) jaialdian lehen saria eskuratu zuten eta 2008an, Malagan berriz ere, sari nagusiarekin itzuli ziren Euskal Herrira.

Urte horretan grabatu zuen bigarren diskoa Korrontzik, «Getxo». Zuzenekoa izan zen hura, Getxo Folk jaialdian grabatutakoa (DVD eta CDa kaleratu zuten) eta hark eman zien mungiarrei euren folk melodia, trikitiaren doinu eta munduko musikak are gehiago zabaltzeko aukera.

Azken batean, folk erritmoen nahaste ordenatua proposatzen du Korrontzik, soinu dantzagarri eta jostagarriak, kantu hunkigarri eta laztangarriekin bateratuta. Erritmoa gorpuzten hasierako tresna berberak darabiltzate: trikitia, alboka, mandolina, kitarra, baxua eta bateria.

Dantzagarritasun horri jarraipena emanez, Korrontzik Villabonako Oinkari dantza taldearekin elkarreraginezko egitasmoa abiarazi du. Oraingoan, folka Barandiaranen eta Romeroren eskuetatik dantzarien oinetaraino heltzen da; ikusleak, beraz, badu zer entzun, baita zer ikusi ere.

Oinkari taldea 1975. urtean sortu zen Villabonan, Euskal Herriko dantza tradizioari jarraipena emate aldera. Hasierako helburuekin aurrera jarraitzen dute; belaunaldiz belaunaldi dantzaren kateak apurtu gabe jarraitzearen aldeko apustua da beraiek egindakoa, baina egungo garaietara egokituta. 2003a urte erabakigarria izan zen Oinkarirentzat, adar berri bat sortu baitzen taldean; ordutik, Edu Muruamendiaraz koreografoak gidatzen ditu haien entseguak eta bera da ikuskizunen diseinatzailea. Betiko dantza tradizionalak alde batera utzi gabe, Muruamendiarazen koreografia berrietan murgildu zen taldea, egungo emanaldietan islatzen den moduan.

Euskal dantza tradizionalen ohiko erakustaldietatik harago joan da ordutik Oinkari, eta ikuskizunek hiru oinarri nagusi hartu dituzte; dantza, musika eta argiak.

Musikaren eta dantzaren arteko uztarketatik jaio da «Infernuko hauspoa» egitasmoa, Baga-Biga diskoetxeak DVD batean bildutakoa. Musika eta dantza elkarrekin joan izan dira beti euskal kulturaren ibilian, eta garaikidetasunari atxiki zaio Korrontzik eta Oinkari dantza taldeak elkarlanean osatutako ikuskizun berria. Antzinakotasuna modernitateari lotua doakion lana gaur taularatuko dute, 19.00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Ezinegon berberetik sortutako elkarlana

Korrontzik eta Oinkari dantza taldeak helburu berberak dituzte oinarrian; dantza zein musika tradizionala berreskuratzea korronte garaikide berriei esku emanda. Agus Barandiaranek GARAri adierazi bezala, bi taldeak orain bi urte hasi ziren elkarlanean. «Oinkarik `Getxo' diskoko kantu batzuekin koreografiak osatu zituen eta Villabonako Udaletik haiekin emanaldi bat egiteko eskaintza luzatu ziguten. Hasiera batean bost koreografia izan ziren prestatu zituztenak, eta ikuskizun hura asko gustatu zitzaigun», esan zuen.

Barandiaranek, Korrontziren hastapenetan, ez zuen inoiz pentsatu etorkizunean dantza talde batekin elkarlanean arituko zirenik, baina Villabonako kiroldegian egindako «esperimentu» hura ez zen alferrik izan. Ordutik harreman estua ondu dute bi taldeek, eta egitasmoa gero eta gehiago hazi da. Hasierako bost koreografia haietatik, hamabostera igaro dira orain. «Ezinegon berberak ditugun taldeak gara, eta horrek oso harreman naturala izatea bermatu digu», nabarmendu zuen trikitilariak.

«Infernuko hauspoa» ikuskizunak Edu Muruamendiarazek sortu eta Eneko Arteagak zuzendutako hamabost koreografia biltzen ditu, haietako bederatzi «Getxo» diskoko bederatzi kantuen gainean osatutakoak eta, gainontzekoak, azken hilabeteetan Korrontzik sortu dituen kantu berrienekin egindakoak. Gaur arratsaldean Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango diren arren, Korrontzi taldeak Maroko aldera joko du datozen asteetan Casablancako folk jaialdian parte hartzeko eta apirilean Euskal Herrian izango dira berriro, eta zuzeneko emanaldia eskainiko dute Bilbon. A.K.

p050_f01_250x80.jpg