Dokumentuaren akzioak
Musika eta dantza izango dira nagusi gaurtik aurrera Foruko Saninazioetan
Umeen txupinazoa 11:00etan izango da eta nagusiena 21:00etan, bost eguneko jaiari hasiera emateko
Txikien ostean, nagusiek izango dituzte gozamenerako lehen ekitaldiak, hasteko txupinazo handiarekin -trikitixaz alaituta eta makailoz gozatuta- eta gero lehen musika emanaldi sortarekin. Honakoan La Pulquería, Vendetta eta Tximeleta taldeen saioarekin.
Bihar paella lehiaketaren prestaketa lanek alaituko dute goiza -gisatuak eguerdiko 14:30ean eraman beharko dira epaileen aurrera- baina benetan berotuko duena Busturialdeko sokatira ligaxkako saioa izango da, herrikoekin batera Arratzu, Busturi, Kortezubi, Mendata eta Muruetako tiralariak arituko direlarik, nor baino nor. Anaitasunean amaitzeko, ostean bazkari herrikoiaz gozatu ahal izango dute denek.
Arratsalde partean koadrilen arteko herri kirol probak prestatu ditu antolakuntzak, baina juerga nahiago dutenek aukera bikaina izango dute musika kontzertu hirukoitzaren inguruan. Ze Esatek!, Bide Batez eta Zea Mays taldekoek goizaldera arte luzatuko den emanaldia eskainiko dute.
Erregelak Igandea San Ignazio eguna izango da eta, beraz, egun handia. Eguerdiko mezaren ostean, herriko Urdaibai taldeko dantzariek joan den mende hasierako Erregelak dantzatuko dituzte udaletxe aurrean. Denbora askoan desagertuta egon eta gero, aurtengoarekin forutarrek euren jaietan hogeita hamargarren urtez jarraian dan-tzatuko dute. Dantza honetan herriko alkatea garai hartako jantzi dotoreekin janzten da agintari papera egiteko baina "aurten ezingo naiz jantzi, emakumezkoentzako ez dagoelako oraindik prest" azaldu du Janire Urkieta alkate berriak.
Arratsaldean dantzak eta musikak nazioarteko kutsua izango dute, Galiziako A.F.Airiños de Lagoa dan-tza taldearekin eta Mexikoko Mariachi Real Aztekarekin. Abuztuaren 1ean mozorroen eguna izango da eta 7an, azkenik, nagusiena.
Dokumentuaren akzioak