Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musika eta dantza eskolako matrikulazio epea irekiko dute astelehenean

Dokumentuaren akzioak

Musika eta dantza eskolako matrikulazio epea irekiko dute astelehenean

Egilea
Dorleta Agiriano
Komunikabidea
Baleike
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2021/05/15
Lotura
Baleike
Musika eta dantza eskolako matrikulazio epea irekiko dute astelehenean

Eskolan "prestakuntza praktikoa" eskaintzen dute "antzerkiaren, dantzaren eta musikaren arloetan". Matrikulazioa egiteko, izen-emate orria bete eta Ubillos jauregira eraman edo posta elektroniko bidez helarazi behar da.

Hurrengo ikasturteari begira ere jarri dira jada Zumaiako musika eta dantza eskolan. Irailaren 13an ekingo diote ikasturte berriari, eta jakinarazi dutenez, printzipioz, aurten eskolan indarrean izan duten protokoloa berrartuko dute hurrengoan ere.

Datorren astelehenean, maiatzaren 17an, zabalduko dute 2021-2022 ikasturterako matrikulazio epea. Eskolako arduradunek azaldu dutenez, matrikulazioa egiteko, izen-emate orria bete eta Ubillos jauregian aurkeztu edo posta elektroniko bidez bidali behar da (musikaeskola@zumaia.eus). Maiatzaren 27a izango da horretarako azkeneko eguna.

Eskolako bulegoa astelehenetik ostiralera egoten da martxan musika eta dantza eskolan, Ubillos jauregian, baina ordutegi desberdinarekin egunaren arabera. Astelehenetan eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara egoten da irekita; astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, aldiz, 17:30etik 19:30era zabaltzen dute.

Jardun bizi-bizia

Eskolako kideek gogorarazi dute haien "helburu nagusia" dela "edozein adineko pertsonei antzerkiaren, dantzaren eta musikaren arloetan prestakuntza praktikoa ematea, eta aldi berean interesa edo bokazioa dutenei lanbide heziketarako prestaketa ematea". Hori guztia uztartzen dute ikastaroetako eskaintza "zabalaren" bidez, eta bakarka nahiz taldean aritzeko aukera dago.

Jendaurrean ere egiten dituzte hainbat emanaldi ikasturtean zehar, herriko "gizarte eta kultur bizitza aberasteko eta dinamizatzeko asmoz". Pandemia dela eta, horretarako zailtasunak izan dira azkenengo ikasturteetan, "baina egoerak baimentzen duen neurrian", "ekintzaz beteriko ikasturtea" izango dela aurreikusi dute eskolako arduradunek. Xexili Astea, Inauteriei lotutako ekimenak, santelmoetako ekitaldiak nahiz bestelako emanaldiak egin ahal izatea espero dute.

  • Ikusi hemen 2021-2022 ikasturteko eskaintza eta izen-emate orria

Dokumentuaren akzioak