Dokumentuaren akzioak
Musika eta dantza Donostian asteburuan
Egun euritsu hauetan barrualdean kulturaz gozatzea baino plan hoberik ez da, eta horretarako aukera izango da asteburuan Donostian. Gaur, ostirala, Tenpora taldearen kontzertua izango da Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, 19:30ean. Bihar, berriz, Gero Axular Dantza Taldeak Higa ikuskizuna taularatuko du Victoria Eugenia antzokian, 19:00etan.
Tenpora Tolosaldean 2012an sorturiko taldea da eta hiru album luze kaleratu dituzte orain arte. Taldeko partaideek, estilo eta joera ezberdineko hainbat proiektutan hartzen dute parte, eta honek, nola ez, eragina du euren musikan. Estilo anitzetan mugitzen diren arren, kantuak pop eta jazz-aren arteko eremuan sortzen dituzte eta elektronika eta rock progresiboan ere murgiltzen direla diote adituek. "Proposamenaren kalitatea, zuzenekoen indarra eta kantuetan borborka ageri den sentsibilitatea" eta "taldearen sendotasuna eta elegantzia" dira entzulego eta kritikariek nabarmendu dituzten ezaugarriak. Aitor Etxebarriak ekoiztutako Berriro asma nazazu euren lan berria aurkeztuko dute emanaldian.
Higa du izena Gero Axular dantza-taldearen ikuskizun berriak. Aurreko lanetan egin izan duten moduan, euskal historiaren eta kulturaren pasarte bat hartu dute abiapuntu, eta horrekin batera gaur egungo gizartean kezka-iturri diren gaiei buruzko gogoetarako bidea egin dute. Hiru gai uztartu dituzte obra honetan: emakumeek historikoki jasandako zapalkuntza, euskaldunok geure hizkuntza eta kulturagatik bizitako erasoak, eta garai guztietan jarrera aurrerakoia izan duten gizarte-taldeek beren eskubideak eta ametsak lortzeko egin behar izan duten borroka. Ikuskizunak XVII. mendearen hasieran Donibane Lohizuneko emakumeek Inkisizioa zela-eta jasandako jazarpen gogorra du ardatz. Zuzeneko musika indartsua eta euskal dantza tradizionalean oinarrituriko koreografia landuak konbinatzen ditu Juan Luis Unzurrunzagaren obrak.
Ikuskizuna hasi aurretik, konpainiak 2021eko Apoyo Dravet Saria jasoko du Apoyo Dravet elkartearen eskutik, haiekin garatzen ari diren proiektuagatik. Emanaldiaren ondoren, eta Ballet T-ko Topaketa koreografoarekin programaren baitan, Juan Luis Unzurrunzaga koreografoak lanaren sorkuntza prozesuaren berri emango du antzokiko Club Aretoan. Moderatzaile lanak Andoni Mutiloa kazetariak egingo ditu.
Tenporaren kontzerturako sarrerak hemen eskura daitezke eta dantza ikuskizunekoak, berriz, hemen.
Dokumentuaren akzioak