Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musika eta dantza bateratzen dituen 'Martin Zalakain' ikuskizuna Gasteizen

Dokumentuaren akzioak

Musika eta dantza bateratzen dituen 'Martin Zalakain' ikuskizuna Gasteizen

Egilea
Paul Picado
Komunikabidea
El Correo
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2019/12/28
Lotura
El Correo

Ikuskizun honetan, dantzariak eta musikariak arituko dira. /PRINCIPAL ANTZOKIA

Datorren urteko lehen emanaldia Pío Barojaren 'Zalakain abenturazalea'lanean oinarritutako 'Martin Zalakain' antzezlana izango da Principal Antzokian. Ikuskizun honetan musika eta dantza bateratzen dira, eta urtarrilaren 4an izango da, 20:30ean. Emanaldiaren gutxi gorabeherako iraupena ordubete eta erdikoa da, eta sarrerak erosi nahi izanez gero,hemen egin daiteke, 18 eta 15 euro artean.

'Zalakain abenturazalea' Pío Barojaren eleberririk ezagunenetako bat da, eta ikuskizun honetan, dantzariak eta musikariak arituko dira Ander Lipusaktorearekin eta Harkaitz Cano idazlearekin batera, literatura eta dramaturgia tartekatuz. Hartara, zenbait herritako konpainiak elkartu dira, besteak beste Argia (Donostia), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze), Elai Alai (Portugalete), Arkaitz (Añorga), Astigar (Astigarraga) eta Gure Kai (Deba).

Protagonista Martin Zalakain abenturazale gaztea da. Urbia izeneko herri batekoa da, eta bere ama hil eta gero, Tellagorri bere osabak hartu zuen hezteko ardura. Barojaren obra Karlismo garaian girotuta dagoenez, gerraren gordintasunaren lekukoa izango da, eta benetako lagunak eta interesen arabera mugitzen direnak ezagutuko ditu.

Argia konpainiak prestatu du moldaketa, eta helburua euskal dantza tradizionalaren esparruan sakontzea da. Alde batetik, euskal dantzaren zenbait alderdiren inguruan egindako ikerketa-lana erakusten du, eta bestetik, euskal dantza dramatiko garaikide berri bat sortu du, izan ere, dantzariek interpretatu ere egiten dute.

Dokumentuaren akzioak